Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin
Erronka ederra hartu zuen Fair Saturday Foundation-ek Ura Bere Bidean ikuskizuna Illunbera eramango zuela esan zuenean. Harridurak hartu gintuen 360 graduko emanaldia izango zela jakindakoan, baina bertan izandako giroa ikusita, errepikatzeko moduko formatua da, ezbairik gabe. Gabonetan mahaiaren bueltan abesteko prest gaude.

Donostiara aurten iritsi da lehenengoz Fair Saturday Foundation elkarteak antolatutako Ura Bere Bidean ikuskizuna. Atzoko ikuskizunaren planteamendua oso desberdina izan zen urrian BECen ikusi zenaren aldean, eta lehenengo abestietan argi geratu zen hori; publikoari zertxobait kostatu zitzaion hotza astindu eta berotzea, nahiz eta Iban Garate aurkezleak hasieratik argi utzi helburua, «Ipuskoaren 1000. urtea ospatzea eta izana eta izateko modua aldarrikatzea» zela Illunben egin nahi zutena, «transmisioa eta ahozkotasuna hor egon direlako, euskara kantuen bidez ere transmititu delako eta horri jarraipena emateko kantuz». Hala, lehen unetik bertaratuak abestera gonbidatu zituen eta horretarako propio jarrita zegoen sabaitik zintzilik oholtzaren perimetroa besteko pantaila, non abestien letrak ikus zitezkeen karaoke kolektibo bat balitz bezala. Hori bultzatzen Gipuzkoako hainbat abesbatzatako 500 abeslari, gainerako milaka pertsona ere abesbatza erraldoi bihurtzeko asmoz.
Guztira 27 artista eta proiektu agertu ziren atzo, Euskadiko Orkestrako musikarien doinuak abestera. Illunbe antzoki dotore bihurtuta eta argi dotorez jantzia, galako. Berezia oholtza 360 gradukoa izatea eta horrek sortzen zuen giroa, musikariak ohituta ez dauden formatua baita. Soinu aldetik apal samar entzuten zen, bolumena pixka bat igotzea eskertuko zen, baina ziur asko jendea abestera behartzeko modua ere bazen; izan ere, publikoak parte hartzen zuenean bestelakoa zen sentsazioa. Hala ere, soinu ekipoa mimoz kokatuta zegoen, oihartzun handirik ez zen antzematen eta hori oso zaila da Illunben. Horretarako, Quevedo artista kanariarrarekin dabilen soinu-ingeniaria kontratatu zuten, hura ere antzeko formatuan ari baita mundu mailako bira egiten. Ateak zabalik, haize fina sartzen zen barrura, baina berogailuak ere martxan ziren eta hori eskertu zuten bertan zirenek.
IKUSLEAK ZORIONTSU
Aipatu ohi da gabon giroko ekitaldia dela Ura Bere Bidean eta atzokoa gabonetan izaten den familiako juntadizo baten parekoa izan zen. Irudia ulertzeko: urtebete elkar ikusi gabe hasierako hoztasuna gainditu eta elkarrekin abestuz eta elkar besarkatuz bukatzen den elkartze horietakoa. Bada, emanaldiak iraun zuen ia hiru orduetan hori gertatu zen, emozioak azaleratu ziren eta hunkituta eta pozik irten zen jendea.
Neomak laukoteak eman zion, Barakaldon bezala, hasiera emanaldiari; segidan etorri ziren Sorotan Bele talde hondarribiarra eta Olatz Salvador, etxean, beranduxeago, “Euskal Herria hegan” saiorako egindako “Nere herriko neskatxa maite” kantu ezagunaren moldaketa abestera, Benito Lertxundirentzako omenaldi xumea. Sua taldeko Ane Barrenetxea beranduago, galako jantzita, soineko gorri dotorea soinean, Itoizen “Hegal egiten” kantatuz.
Energia dosiak eta goxotasun uneak tartekatzen joan ziren, Francis Diezek “Corazón de tango” klasikoa eskaini baitzuen, gaztelerazko hitzak zituen abesti bakanetakoa, jendearen gozamenerako. Betagarri, AMAK, Nogen, Xabi Solano, Maren, Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta, Zetak, Su Ta Gar, Betagarri, Sune, Gozategi, Huntza, Zea Mays, ETS eta Leihotikan etorri ziren gero, asko aurretik ere ikuskizun honen bueltan abesten arituak.
PARTAIDE BERRIAK
Aurtengo berrikuntza Donostiara zabaltzea izan den bezala, Donostiako emanaldirako parte-hartzaile berriak ere gehitu ziren Ura Bere Bideanen zerrendara. Hiritarrak tartean, Skakeitan taldeko kideak berriz ere oholtzara igo baitziren “Mundu berri baten mapa” abestera, bai eta Urko ere, “Gure lagunei” eta “Guk euskaraz” eskaintzeko. Lapurdik eta Nafarroa Behereak ere ordezkari bana izan zuten oholtzan; Anje Duhaldek “Bakezaleak” abestu zuen eta Erramun Martikorenak, “Xalbadorren heriotzean”; horiek, belaunaldi edadetuenaren ordezkariak, Urkorekin batera.
Eider Saez lazkaotarra eta Bea Asurmendi aramaioarra izan ziren beste ahots berriak; Londresen bizi den jazz abeslariak Benito Lertxundiren “Oi ama Eskual Herri” kantuaren moldaketa defendatu zuen. Orioko bardoaren hiru abesti plazaratu zituzten atzo orotara; “Ipuskoa kantuz” hori ere bai baita, halako abestiak belaunaldien artean transmititzea. Hala, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak “Kantuz” eskaini zuen, Garatek hasieran esan bezala, «kantatzen duen herri bat ez baita inoiz hilko». 2026an, berriz.

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»

Ya les dieron los coches para patrullar, ahora pedirán la tele en color y las rondas

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil
