GARA
OIARTZUN

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

Mendizale baten gorpua aurkitu zuten atzo Oiartzunen, Aiako Harrian. Igande gauetik ari ziren bere bila, familiak desagerpenaren berri eman ondoren. Iban Apaolaza presoa aurkitu zuten hilotz, hirugarren graduan zegoena.

Aiako Harrian aurkitu zuten mendizalearen gorpua.
Aiako Harrian aurkitu zuten mendizalearen gorpua. (Andoni CANELLADA | FOKU)

54 urteko mendizale bat hilik topatu zuten atzo goizean Oiartzunen, Aiako Harrian. Iban Apaolaza Santxo euskal presoa zen, beasaindarra sortzez baina Oiartzunen bizi zena. Duela urtebete ingurutik hirugarren graduan zegoen, zigorra kalean betetzen, 2008. urtetik espetxe barruan egon ostean.

Igande gauean, 22.00ak inguruan, hildakoaren senideek desagerpenaren berri eman zuten, goizean mendira irten eta etxera itzuli ez zelako.

Aurkitzeko laguntza eskatu ondoren, gauerdia baino lehentxeago bilaketa-dispositibo bat abian jarri zen, Lakuako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako teknikari batek koordinatuta.

Dispositiboan parte hartu dute Errenteriako Ertzain-etxeko baliabideek, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko helikopteroak, suhiltzaileek, udaltzainek eta Gurutze Gorriak.

Jakinarazi zutenez, bilaketa lanetan mendizalearen gorpua atzo goizeko hamarrak aldera aurkitu zuten Aiako Harrian. «Gorpua zegoen lekura iristeko zailtasunak zirela eta, Ertzaintzaren helikopteroak esku hartu behar izan du, eta erreskatatu ondoren, ehorztetxearekin elkartzeko gunera eraman dute», azaldu zuten atzo, operazioaren ostean. Biktima Donostiako Auzitegi Medikuntzako Institutura eramango zutela azaldu zuten.

2008TIK 2025ERA ESPETXEAN

Apaolaza 2007. urtean atxilotu zuen Kanadako Poliziak Quebecen, ETAko kide izatea leporatuta. Euskaldunaren atxiloketa legez kanpokoa izan zela arrazoitzeko, «torturapean egindako adierazpenetan oinarrituriko auzipetzea» izan zela adierazi zioten epaileari baina, hala ere, espetxeratu egin zuen. 2008an Kanadatik kanporatzeko arriskuan zegoelako gose greba abiatu zuen. Izan ere, Kanadako administrazioak atzera bota zuen Apaolaza kanporatzeko erabakiaren aurrean jarritako helegitea.

Espetxean zegoen bitartean GARAri eskainitako elkarrizketa batean, erbesteratuen egoera azaldu zuen: «Legezkotasun eza da arazo nagusia. Dokumenturik ez izateak erabateko prekaritate-egoerara eramaten zaitu, lana bilatzeko, medikuarengana joan ahal izateko... Egoera horretan, oso zaila da adiskidetasun-harremanak sortzea, zure nortasuna, benetan nor zaren, ezkutatu behar duzulako. Oso zaila edo ezinezkoa da bizitza normala izatea. Beti bihar zer gertatuko den beldurrez zaude. Ni oso isolatuta sentitu naiz hemen, Euskal Herritik urrun, familiarekin harremanak izateko zailtasun handiarekin, eta lagunekin harremantzea ia ezinezkoa da».

Espainiaratu ostean kondena luzea ezarri zion Auzitegi Nazionalak. Granadan bete zuen zigorraren gehiengoa, eta Logroñon eta Euskal Herrian azken zatia. Joan den urteko otsailean onartu zioten hirugarren gradua. Ez zen EPPKko kidea.

Soziologian eta Antropologian tituluduna zen Iban Apaolaza. “Berria” egunkariaren Dokumentazio arloko arduraduna zen egun. Gainera, Oiartzun Irratian kolaborazioak egiten zituen; literatura gaien inguruan aritu ohi zen bereziki “Literhari” saioan. “Muga astoa eta haren ingurukoen kalamatrikak” liburua argitaratu zuen 2023an, eta “Hablando con (la) lluvia” komikiarekin irabazi zuen espetxeetako komiki lehiaketa.