J.L.
Sega

Imazek eta Mitxelenak indartsu ekin diote Euskal Herriko Ligari

Alaitz Imaz eta Bixente Mitxelena izan dira Euskal Herriko Ligako aurreneko jardunaldiko bi irabazleak. Aurtengo txapelketa honek, gainera, sekulako garrantzia izango du, abuztuaren amaieran Azpeitian jokatuko baita Europako Txapelketa, eta han aritzeko ere hemendik aukeratuko dira.

Nesketan sei partaide izan ziren, eta Alaitz Imaz izan zen onena. Proba hauetan azkartasuna eta txukuntasuna batzen dira. Alferrikakoa izaten da azkar ebakitzea narras arituta, zigorrak ezartzen baitzaizkie segalariei.

Imazek minutu eta 43 segundo behar izan zituen. Bigarren postuan sailkatu zen Mazkiaran, eta honek minutu eta 56 segundoko denbora egin zuen, zigorrak eta denak gehituta. Aurreneko jardunaldi honetan Irati Astondoak amaitu zuen hirugarren, bi minutu eta 7 segundoko denbora eginda. Horien atzetik, Galarraga, Etxaburua eta Otamendi sailkatu ziren.

Mutiletan ebaki beharreko saila handiagoa zuten, eta Bixente Mitxelenak lortu zuen garaipena. Oiartzuarrak lan bikaina egin zuen, eta zigorrak eta denak batuta, 2 minutu eta 56 segundoko denbora egin zuen. Atzetik, Koldo Artzelus sailkatu zen, 16 segundora. Hirugarren postua Andoni Urrutiarentzat izan zen, 21 segundora geratuta. Laugarren postuan, berriz, Goenaga sailkatu zen, 22 segundora, eta bosgarrengoan, Julen Gabirondo, 28 segundora. Seigarren geratu zen Altzo beteranoa, 34 segundora.

Mutiletan 24 segalari aritu ziren, eta tartean aipaturikoez gain, ezagun dezente ere bai. Ormaetxea bera ere hor izan zen eta zortzigarren amaitu zuen. Bere aurretik Arkaitz Arteaga sailkatu zen, eta, besteren artean, Pabi Astondoa eta Joakin Garmendia beteranoak ere han izan ziren.

Tartean, ordea, gazteak eta berriak ere ugari izan ziren, horietako bat, Andoni Urrutia. Itxura bikaina eskaini eta hirugarren postua eskuratu zuen. Horiez gain, Lizarralde, Lizartza eta Apalantza ere lehen aldiz ikusi ziren, eta hori berri ona da.

Txapelketa honek oraindik beste bi jardunaldi izango ditu, eta hiruretako puntuak batutakoan jakingo da zeintzuk diren aurtengo txapeldunak. Lehen jardunaldia Azpeitian, Loiolako Santutegiko belardietan, jokatu zen, eta hantxe izango da Europako Txapelketa ere. Oraindik hiru hilabete geratzen dira harako, baina denek ere ongi egon nahiko dute.