Jon LEUNDA
Sega

Aiak eta Azkaratek hartuko dituzte Gipuzkoako eta Nafarroako final nagusiak

Esnaola, Ormaetxea, Gabirondo II.a eta Pardo arituko dira 12.00etan Aian,eta Kanflanka eta Berakoetxea, 18.00etan Azkaraten, Loidiko belardian.

Gipuzkoako eta Nafarroako segalarien finalak jokatuko dira asteburu honetan, eta biak bihar jokatuko dira. Bata goizean, Aian, eta bestea, arratsaldean, Azkaraten.

12.00etan hasiko da Aian, kanposantu ondoko belardian, Gipuzkoako finala. Pasa den ekainaren 13an Aian jokatu zen kanporaketako lau segalaririk onenak arituko dira: Igor Esnaola, Julen Gabirondo, Jexuxmari Ormaetxea eta Iban Pardo. Segalari bakoitzak ordubete izango du lanean jarduteko, eta tarte horretan belar kilo gehien ebakitzen duen segalariak lortuko du garaipena.

Iban Pardo izango da finaleko berritasun bakarra, zestoarrak lehen aldiz lortu baitu azkeneko ekinaldian sartzea. Beste guztiek eskarmentua badute lehiaketa hauetan, eta bik, Esnaolak, egungo txapelduna, eta Ormaetxeak, txapelak lortzea zer den ere badakite.

Txapeldunen zerrenda aipatzean, garbi dago bi hauen izenak direla nagusiak. Kanporaketan Ormaetxea izan zen onena, baina orain finalean lan bikoitza da; orduan ordu erdikoa zen eta orain ordubetekoa izango dute. Biak ere finaletan eskarmenturik handiena duten segalariak dira. Gabirondo II.a eta Iban Pardo ahaleginduko dira euren lana ondo egin eta ezusteren bat ematen.

Segalariek arratsaldean izango dute jarraipena. Azkaraten, Loidi baserriko belardian, 18.00etan jokatuko da Nafarroako finala. Azkeneko lau urteetan ezin izan da lehiaketa hau jokatu, eta aurten berriro jokatuko da. Bi segalari bakarrik izango dira, Jon Kanflanka eta Mikel Berakoetxea. Bata Leitzakoa eta bestea Gorritikoa, biak ere ingurukoak, eta ez dute jarraitzaile faltarik izango.

45 minutuko saioa egin beharko du segalari bakoitzak, eta tarte horretan belar kilo gehien ebakitzen duen segalariak lortuko du garaipena. Jon Kanflanka da faborito nagusia. Leitzarrak urte asko daramatza sega munduan, eta joan den urtean Euskal Herriko Txapelketan ez ezik, Gipuzkoakoan hartu zuen parte, Mariñelarenak utzi zuenetik bakarrik egon baita.

Berakoetxea etorri da aurten, eta saiatuko da leitzarra estutu eta txapela Gorritira eramaten. Almitza Elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko Ligan aritu da, nahiz eta lantegi ezberdina izan hura.