Jon LEUNDA
Sega

Alatzne Etxaburuak eta Irati Astondoak Euskal Herriko txapela izango dute jokoan

Gipuzkoarra eta bizkaitarra Aian neurtuko dira bihar, 12.00etatik aurrera.Ordu erdian kilo gehien ebakitzen duenak irabaziko du lehiaketa.

Alatzne Etxaburua eta Irati Astondoa elkarren aurka neurtuko dira bihar eguerdian, 12.00etan, Aian, kanposantu ondoko belardian. Euskal Herriko txapela izango dute jokoan. Kirolari bakoitzak ordu erdia izango du lanean aritzeko, eta tarte horretan belar kilo gehien ebakitzen duenak lortuko du garaipena.

Orain arte hogei minutuko lana izan dute segalariek, baina aurten ordu erdira igo dute. Bi kirolari hauek behin baino gehiagotan neurtu dira aurten. Ekainaren hasieran elkarren arteko apustua jokatu zuten Zizurkilen. Orduan lau enbor ebaki eta ondoren ordubetean segan aritu ziren. Alatzne Etxaburuak irabazi zuen.

Egungo txapelduna ere Tolosan jaio eta Zizurkilen bizi den segalaria da. Horiek guztiak hartzen ditu kontuan zaleak, eta horiek horrela, gipuzkoarra izango da garaipena lortzeko hautagai nagusia.

Hala ere, oso saio polita iragartzen da. Oso ongi prestatuta daude biak, apustuan ere ongi erakutsi zuten, eta ondorioz sega neurketa ederra espero da. Hala ere, pena da bi segalari bakarrik izatea. Azkeneko urte hauetan, gainera, horrelaxe ari dira, eta aurrera begira bietakoren batek uko egingo balio, ez litzateke jokatuko. Hortaz, garbi dago neska gehiagoren beharra dagoela. Nazioarteko eran dabiltzanak gehiago dira, eta ona litzateke haiek ere betiko erako probetarako pausoa ematea.

Saioa zuzenean ikustera jende asko bertaratuko dela espero da, eta bi neskak ere euren mailarik onena emateko gogoz plazaratuko dira, faboritoa zein den gehiegi begiratu gabe, biek nahi baitute Euskal Herriko txapela.