Gutxik uste zuten txapela lortu du Gabirondo II.ak
Joxe Gabirondo handiaren ilobak itxura bikaina erakutsi zuen hasieratik, eta ia beti Esnaolarenaurretik ibili zen, eta amaieran ongi merezitako txapela jantzi zuen, bere bizitzako garrantzitsuena.

Gabirondo II.ak ezuste latza eman zuen Euskal Herriko finalean, eta aurreneko aldiz jantzi zuen Euskal Herriko Txapela. Finalaren aurretik azkena ez geratzea izango zela bere helburua adierazi zuen, baina azkenean txapela buruan jantzita amaitu zuen. Uztailaren 26an Aian jokatu zen kanporaketako lau segalaririk onenak izan ziren atzo Asteasuko final handian. Nolako uda doan kontuan hartuta, belarra nahiko ondo zegoen, eta jendeak emandako erantzuna ere oso ona izan zen. Segalari bakoitzak ordubete izan zuen lanean aritzeko, eta tarte horretan belar kilorik gehien ebaki zuenak eraman zuen txapela.
Esnaola eta Ormaetxea ziren garaipena lortzeko faborito nagusiak. Legorretakoa zen azken urte hauetako txapelduna, eta Orendaingoa, berriz, kanporaketako onena. Hala ere, bietako inork ez zuen txapelik jantzi. Hasieratik ikusi zen Gabirondo II.a bikain zegoela, eta sailetan aurre hartzen hasi zen. Jende asko Esnaolari eta Ormaetxeari begira zegoen, baina han beste bat sartu zen. Belarra bikain ebakiz, eta sasoi bikaina erakutsiz ari zen lanean, eta amaieran ordaina izan zuen, Euskal Herriko txapela jantziz, segalaritzako garaipenik handiena lortuz.
Saioaren erdirako ikusi zen Gabirondo ere amaieran kontuan hartu beharko zela, bai behintzat azkeneko unean hondoa jotzen ez bazuen, baina finaleko gazteenak sasoi latza erakutsi zuen, eta ez hori bakarrik, belarra oso txukun ere ebaki zuen, bere mailarik onena erakutsiz. Behin ordubeteko lana burututa, belarrak bildu eta pisatzea bakarrik falta zen, eta askok esaten zuten jada txapela Gabirondoren eta Esnaolaren artean egongo zela, eta ez zebiltzan oker, amaieran horrela izan baitzen, tarte txikian, gainera.
Emozioa
Behin belarra biltzen eta lurrak nola ari ziren geratzen ikusten hasi zenean, zalantzak zeuden, baina denek uste zuten biren artean egongo zela txapela, eta ez ziren okertu, horrelaxe izan baitzen. Amaieran Gabirondo II.ak 3.735,5 belar kilo ebaki zituen, eta horrekin txapela lortu ahal izan zuen.
Bigarren postua eskuratu zuen Igor Esnaolak, azken urte hauetako txapeldunak, eta berak 3.695 kilo ebaki zituen. Berriro ere lehen postua gertu izan zuen, baina oraingoan bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Hirugarren postua izan zen Jexuxmari Ormaetxearentzat. Orendaingoarengan itxaropen asko zeuden oraingoan, baina ezin izan zuen txapelik lortu. Berak 3.467,5 kilo ebaki zituen. Sailkapena Jon Kanflanka leitzarrak itxi zuen. Berak 3.159,5 kilo moztu zituen. Bera ez beste guztiak gipuzkoarrak izan ziren atzoko saioan.
Zigorrei dagokienez, Gabirondo II.ak eta Igor Esnaolak ez zuten bakar bat ere jaso, eta Jexuxmari Ormaetxeak eta Jon Kanflankak, aldiz, hiruna jaso zituzten. Hala ere, zigorrik izan ez balitz ere, sailkapenean ez zen inongo aldaketarik izango, beraz, zigorrek ez zuten eraginik izan amaierako emaitzan.
Azkena ez geratzea zen helburu nagusia
«Azkena ez geratzea zen nire helburua. Ez nuen uste gaur txapelik jantziko nuenik, baina egindako lanarekin oso gustura geratu naiz», esan zuen Gabirondo II.ak saioaren amaieran. Izan ere, finalean sartuta, bere helburua beteta zegoen, eta galtzeko gutxirekin eta irabazteko askorekin joan zen atzo Asteasun jokatu zen finalera. Berak garbi zeukan etxeko lana egin nahi zuela, baina aurreneko bietan sartzea oso zaila ikusten zuen. Hala ere, saioan zehar oso gustura aurkitu zela onartu zuen, eta amaieran Esnaolaren aurretik sailetan ikusi zenean, harrotu ere egin zela onartu zuen. Dena dela, pisaketa amaitu arte garaipena lortuko zuenik ez zuela garbi izan ere esan zuen Gabirondok.
Amaieran, behin txapela jantziko zuela jakin zuenean, oso une hunkigarriak izan ziren, izan ere, besarkada estu bezain sentikorra eman zion Garaialderi, bere lagun eta adineko segalariari. Gaixotasun larri bat gainditu nahian dabil, eta atzokoan berari eskaini nahi izan zion Euskal Herriko Txapelketan lortutako garaipena. Ingurukoak ere hunkitu zituen. J.L.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
