Inazio MURUA
ZORROZTARRIA

Zezenak, futbola eta horrelako kontuak

Motel samar ibiliko da gaur zorroztarri hau, ohiko zorroztaileak opor txikiak hartuta. Bada, ordea, zeri punta atera, diost arratsalde osoan adar-jotzaile dabilen euliak, zezen beltzen adar motzen puntak bezain zorrotza. Eta, hain zuzen, Illunbeko zezenak etorri zaizkit gogora. Zezenak eta zezenzaleak. Baita Donostiako alkatea bera ere, dirudienez zezenzalea ez den arren; hala ere, Illunben zezenketak egin beste erremediorik ez zegoen, ez baitira legez kanpokoak. Argudio erantzunezina, gero. Azalpen horren bidez ulertu dut zergatik bankuak behartuta dauden hainbat familia etxerik gabe uztera. Horixe, ba, ez da legez kanpokoa. Eta, gainera, bankuak ere legalak dira, jakina, lapurreta legez kanpokoa izanagatik, omen.

Ikusten duzuenez, Murgoitiok bezala nik ere digresiorako joera daukat, are gehiago Athletic gogoetetan trabatzen zaidanean. Oraingoan Athleticen lau golak, lau. Eta segituan literatura, “Hamaseigarrenean, aidanez” eleberria, hain zuzen, zinemara eraman ondoren antzeko izeneko zenbait film egin zituzten-eta, hala nola “Ama, seigarrenean ai da Ines” edo, ohiturazko narraziora jotzen duen “Hamaseigarrenean, Alaves”, futbolera itzulita.

Tira, Murgoitiok esango lukeen bezala, harira. Joan den osteguneko zezenketan jende ugariren falta sumatu nuen. Esate baterako, Yolanda Barcina, Fiteroko kuarteleko lehen harria jarri zutenean bezain konpainia noblean izango baitzen. Nabarmenagoa izan zen, baina, ministroa ez egotea. Ze ministro eta ze kristo?, diost euliak. El del ramo, arraio baboa. El ramo? Ixo, ez du esan nahi lore sorta eraman beharra daukala, ez, Kultura ministroaz ari naiz. Duela zenbait urte arte zezenketen kontuan Barne ministroa zen el del ramo. Edonola ere, ezingo zen zezenketara joan, lanpetuta dabil-eta para Rato. Ez da, ez, oso originala, baina ministroa are gutxiago.

Bela esango nikek, Inazio.