Mundu txapelketak PortugalenFreestone eta Conlogue nagusi
Bi txapelketa garrantzitsu izan dira asteburuan Portugalen. Bata, QS 10.000 puntuko mutilen txapelketa, Jack Freestone australiarrak irabazi duena. Bestea, nesken lehen mailako mundu txapelketa (WCT), Courtney Conlogue estatubatuarrak irabazi zuen.

Egunotan mundu mailako bi txapelketa garrantzitsu izan dira Portugalen. Batetik, 10.000 puntuko QS txapelketa bat eta bestetik, WCT (Women's Championship Tour) kategoriako nesken lehen mailako txapelketa. Bata Jack Freestone australiarrak irabazi zuen, eta bestea berriz, Courtney Conlogue estatubatuarrak.
Mutilen kasuan australiarrak nagusitu ziren eta nesken kasuan iparramerikarrak izan ziren gainerako herrialdeetako lehiakideak garaitu zituztenak, eta hori bakarrik ez, Portugalen lortutako emaitzei esker WCT rankingeko lidergoa ere eskuratu dute estatubatuarrek. Oraindik beste hiru txapelketa falta dira, ordea, aurtengo txapela nork eramango duen jakiteko.
SATA Azores Pro
Iaz arte PRIME izenez ezagutzen zen kategoriako txapelketak orain 10.000 puntuko QS txapelketak dira; alegia, maila horretan izan daitezkeen txapelketa mota gorenak dira; beraz, txapelketa garrantzitsua izan da joan den astean Portugalen egin zutena; horregatik bildu ziren mundu osoko surflariak Sao Miguel kostaldeko olatuetan.
Bigarren mailan edo QS mailan aurten izan den aldaketa nagusia horixe da, hain zuzen ere. Orain artean zazpi mailak osatzen zuten QS kategoria. Izar bakoitzak maila bat adierazten zuen; zenbat eta izar gehiago, orduan eta garrantzi handiagoa zuen txapelketak. Gehienez sei izarreko txapelketak zeuden, eta horrez gain PRIME izeneko kategoria zegoen, puntu eta diru gehien banatzen zuena.
Aurtengo QS zirkuitua osatzen duten 37 txapelketetatik bederatzi lehiaketatan soilik lor ditzake 10.000 puntu irabazleak. Aurten egin den mota honetako bosgarren txapelketa izan da Azoresen joan den astean egin zutena eta mota honetako hurrengo txapelketa ere Portugalen izango da.
Gaur bertan hasiko da mutilen Allianz Billabong Pro Cascais txapelketa, nesken mundu txapelketa amaitu berri den hondartza berean. 10.000 puntuko QS lehiaketa izango da hau ere. Beraz, aurten lehen mailan dauden, baina datorren urtean maila gorenean jardun nahi duten lehiakideak Portugalen dira egunotan.
Praia de Santa Barbaran bi metro eta metro eta erdiko olatu politak izan ziren joan den astean eta, astebururako itsasoak behera egin bazuen ere, lehiakideek mota guztietako ariketak egin ahal izan zituzten, baita tuboak ere. Ikuskizun ederra izan zen.
Finalean bi australiar izan ziren, Dion Atkinson eta Jack Freestone. Lehia gogorra izan zen; horren adierazle lortutako puntuazioak izan ziren, zeren oso parekatuak izan ziren. Azkenean, Freestone gailendu zen, baina alde txikiz. 15,50 eta 15 puntu bildu zituzten bi lehiakideek beren bi olatu onenekin.
Irabazleak honela deskribatu zuen finalean bizitakoa: «Oso pozik nago. Hamabi minututan nik ez dut olaturik hartu eta Dion olatu bat bestearen atzetik hartzen ikusten nuen. Oso urduri jarri naiz, baina lortu dut. Ezin dut sinetsi QS10.000 txapelketa bat irabazi dudanik, bazen garaia!»
Gauzak horrela, QS rankingeko bigarren postua eskuratu du Freestone australiarrak Portugaleko garaipen honi esker. Atkinsonek, berriz, 39 postu egin ditu gora eta egun 19. postuan da. Hala ere, Alejo Muniz brasildarrak jarraitzen du egun QS rankingeko buru.
Cascais Women’s Pro
Portugalen bertan baina beste hondartza batean, nesken lehen mailako mundu txapelketa bat ere izan da, baina kasu honetan olatuak ez dira hain onak izan, zeren itsaskiaren norabidea ez zen egokiena. Hala ere, Top 17an dauden neskek sekulako maila erakutsi zuten eta ikuskizun polita izan zen txapelketa ikustera bertaratu ziren ikusleentzat.
Estatubatuarrak nagusitu ziren Cascaisen. Finalean Courtney Conlogue eta Lakey Peterson jardun ziren buruz buru. Olatuak txikiak eta biziak ziren, ariketak azkar egitekoak eta Conlogue oso ongi aritu zen halako baldintza bihurrietan.
Petersonek 12,34 puntu bildu zituen, 5,17 eta 7,17 puntuko olatuekin. Conlogueren bi olatu onenak, aldiz, 8 eta 8,10 puntukoak izan ziren. Hala, 16,10 punturekin, alde handiz nagusitu zen Conlogue eta Cascaiseko txapela bakarrik ez, rankingeko lehen postua ere eskuratu zuen.
Gauzak horrela, Carissa Moore hawaiiarrak Kaliforniako txapelketa irabazi ostean berreskuratu zuen lidergoa galdu du berriro eta bigarren postura jaitsi da.
Moore, ez zegoen batere kontent lortutako emaitzarekin eta horrela adierazi zuen kamera aurrean hitz egin zuenean: «Likra janzten duzun momentutik oso serioa da lehiaketa, baina bestalde, ongi aritzeko, ongi sentitu behar duzula pentsatzen dut, eta ni lanean ari banintz bezala sentitu naiz».
Bestalde, Top 17an egotea zorte handia dela ere onartu zuen hawaiiarrak: «Oso berezia da tour honetako partaide izatea eta hurrengo txapelketetan zer gertatuko den ikusteko irrikaz nago, lehiatzeko gogo biziz».
Lakey Peterson estatubatuarrari ere oso ongi etorri zaio Portugalen lortu duen bigarren postua; izan ere, ranking orokorrean gora egin du eta egun laugarren postuan da.
Gauzak horrela, nesken lehen mailako zirkuitua (WCT) osatzen duten hamar txapelketetatik zortzigarrena zen Portugalgoa eta hurrengoa Hossegorren izango da urriaren 6a eta 17a bitartean.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
