J.L.
Bizkaia

Atutxak eta Larreak aise irabazi dute Binakako Txapelketa

Bizkaiko Binakako aizkolari txapelketan ez zen ezusterik izan. Une honetan herrialdean egongo diren bi onenek bikotea osatzen zuten, eta, hala, Aitzol Atutxak eta Julen Larreak irabazi zuten.

Bizkaian aizkolarien artean alde handia dago, eta hori argi eta garbi geratu zen Binakakoan ere. Euskal Herriko txapelduna, Aitzol Atutxa, bertan dago, eta gainerakoak oso urruti geratzen zaizkio. Gertuen Larrea izango du, baina oraindik 18 urte besterik ez ditu. Biek bikotea osatuta, berriz, ez zuten arazorik izan txapela lortu ahal izateko.

Irabazleek 14 minutu eta 47 segundoan egin zituzten euren lanak, eta bost minutuko aldea kendu zieten bigarren sailkatu ziren Oregiri eta Lekueri. Bigarrenek euren mailako lana egin zuten, ona, baina aurreneko postu hori lortzea ezinezkoa egin zitzaien, alde handia baitzegoen. Podiuma, berriz, Bihurri I.ak eta Bihurri II.ak lortu zuten. Aita-semeak aritu ziren lanean, eta azken hori oso gaztea bada ere, itxura oso ona eman zuen.