Politika kapsulatan
Politika zer gauza kuriosoa den! Passion for knowledge sentitzen dugunontzat ikergai. Politikari askorentzat entretenigai. Politika, azken finean. Ez dakit azken bolada honetan, gurean, kafeak mediatikoki hartu duen abiadagatik den edo ez den, Jainkoak berak baleki! Baina, edozelan ere, politika kapsulatan gauzatzen ari da, sartu-atera arinetan esate aldera. Politika espres ere esan liteke, beheko Estatuko Kongresu hartan di-da batean egindako erreforma hura gogoan oraindik. Horra! Hemengo legebiltzarretan erregistrotik pasatzen diren paper batzuek ibilbide laburragoa dute elefante batek iraganeko telefono-kabinen barruan egin lezakeena baino. Hortaz, elefanteak ere gogoan orain!
Tira, harira! Politikaren musikari batzuk oholtzan doinu berritan ageri nahi eta kolpea gero! Bakerako ponentzia proposamena erregistratzera joan, mahai gainean jarri, eta zigilua airean funtzionarioaren eskuan goitik behera zetorrela hara! eskatzaileak atzera egin! eskuaren aurrekoz atzera arin batean; eta mahai gaina ostera ere umezurtz, zigiluaren markarekin. Agur eta adio, batera. Kapsulako mozioa. Ondorio interesgarri bi atera ditut. Bata, doinu berria bera, bestelako belarrien seinale. Eta bestea, nortzuk eta horiek zer eta… abortatu! Gainera eurena abortatu! Ez esan aurrerabidea ez dela! Amen. Politika egiteko modu kapsulatu hori Nafarroako Gobernura ere zabaldu da. Agindua atera eta sinaduraren tinta lehortzeko beta eman gabe, erretiratu! Aldaketaren aldaketa, edo.
Eta bitartean, doinuz doinu, Kontzertua karrankari oholtzan. Eta Ituna. Forondako zelaietatik bueltan direnentzat horixe ei da azkeneko soldadura-puntua. Armadura kosta ahala kosta mantentzeko puntua. Ez dakit zertarako duten armadura, armagabetze garaian, kanpotik ala barrutik babesteko. Passion for knowledge da nirea.

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria
En el corredor de la vergüenza
