Haurtzaroko sentipen baten iraultze eztia, diskoan bildua
Bederatzi kantuko disko batera irauli du Jabier Muguruzak haur zela Tonetti anaiek piztu zioten zirrara, eta atsekabea. Pailazoen izena daraman diskoan sonoritate berria lortu du.

Hamar urte urratuko zituen Jabier Muguruzak Irunera Atlas zirkua eta, haiekin batera, Tonetti anaiak etorri zirenean. «Nire aitaren lagunak ziren eta hor ibili nintzen ni, eurek gonbidatuta, euren roulottean, Oliver, aurpegia zuriz margotzen zuen pailazoa, galtzontzillotan zela...». Urte gutxira, aurpegi zuridun pailazo hark bere buruaz beste egin zuela jakin zuen: «Ezin nuen sinetsi pailazo batek halakorik egin zezakeenik», ziurtatu zuen pailazo haien izena daraman diskoaren aurkezpenean, bere ibilbideko hamalaugarrena. Baina istorio guztiek dituzte euren gazi-gozoak eta, Muguruzari, orain bizpahiru urte etorri zitzaion sentipen hura irauliko zuena, Iruñeko zinema batean Oskar Alegriaren “La casa Emak Bakia” ikusten ari zela: «Clown bat sekula ez dela hiltzen konturatu nintzen eta hori jakinda askoz lasaiago geratu nintzen; ni, edo neu nintzen mutiko hura».
Muguruza bereziki gustura agertu zen diskoaren emaitzarekin, denbora luzez bila aritu den «sonoritate naturala» aurkitzea lortu dutela-eta. Bide horretan lagun izan dituen David Gomez, Ignasi Gonzalez, Gorka Benitez eta batez ere Mikel Azpiroz jazz munduko musikari ezagunei eskerrak eman zizkien eta, azkenean, sonoritate hori diskoa Tarragonako Pau Casals auditoriumean eta zuzenean grabatuta eskuratu dutela gaineratu zuen: «Ez dago apenas efekturik, funtsean auditoriumeko akustikak eta zuzenean jotzen ari diren jazz musikariek egiten dute guztia». «Nire ilusioa orain artean egin dudan diskorik onena egitea zen eta, konbentzituta diotsuet, disko hau onena ez bada onenetarikoa dela», ziurtatu zuen.
Diskoak bederatzi abesti ditu eta, «aspaldiko partez», letra gehienak, hiru zehazki, Muguruzak berak idatzi ditu. Beste bi musika-piezak dira –“Hurrengo geltokia” izen bereko memoria historikoaren gaineko dokumentalerako idatzi zuen– eta gainerakoei hitzak Harkaitz Canok, Iñaki Irazuk, Lourdes Oñederrak eta Gerardo Markuletak jarri dizkiete; denek bana. Abesti batzuetan parte hartu dute baita ere Garik, Pablo Guerrero Extremadurako kantautoreak eta Sonia Yaben kantariak. «Kotxean nentorrela, pentsatu dut izen handiko horiek badutela zerbait komunean; interesatuagoak daude obran promozioan baino. Xehetasun hutsal hau ez da ohikoena egun».
Lan berria irekitzen duen “Kathrine Switzer” abestiaren bideoklipa jada ikusgai dago sarean eta zuzeneko lehen kontzertua hilaren 13an eskainiko dute, Donostiako Lugaritzen. Kontzertu hau berezia izango dela ziurtatu zuen Muguruzak, oholtza gainean diskoan parte hartu duten musikariak ariko baitira. Hurrengo egunean, hilaren 14an, Barakaldo antzokian ariko da, Garirekin batera.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
