Ariane KAMIO
DONOSTIA

«Justin Hiriart»-en komiki albumak berrargitaratu dituzte

Laurogeiko hamarkadan argitaratu ziren «Justin Hiriart» euskal baleazalearen inguruan sortu ziren komiki albumak. Gregorio Muro idazleak eta Francisco Fructuoso ilustratzaileak ondutako lana berrargitaratu du orain Ereinek euskaraz. Gaztelaniaz Harriet argitaletxeak kaleratu du eta 2016an frantsesezko bertsioan ere izango da.

Laurogeiko hamarkadan Euskal Herriko eta Estatu espainoleko merkatua txikia zen komikigintzari zegokionez. Estatu frantsesean eta nazioarteko beste herrialdeetan zegoenarekin alderaturik ez zuen zerikusirik. Gregorio Muro eta Francisco Fructuoso elkarlanerako batu ziren “Justin Hiriart” komiki bilduma sortzeko. Ipar Euskal Herriko baleazale baten irudia hartu zuten hizpide, itsas historiaren pasarte nagusietako batzuk berreskuratuz. XVII. mende hasieran garatu zituzten istorioen mamiak, Ternuara joaten ziren baleazaleen aztarnak jarraituz.

Dokumentazio lan mardula egin behar izan zuten garaiko bizimodua eta historia bereganatzeko. Euskal Herrian sortutako kontakizuna nahi zuten bere merkaturatzea mugaz gaindikoa izan zedin. Angulemako komiki azokara joatea lortu zuten lan harekin. «Apenas geneukan baliabiderik, ez eta non lo egin ere. Eskerrak azken orduan bidean lagun bat egin genuen eta hark eskaini zigun etxean lekua gaua pasatzeko». Fructuosoren hitzak dira, hastapen urte haiei erreferentzia egiten dietenak. «Ez dira gaur egungo garai berdinak», gaineratu zuen. Baina hala ere lortu zuten beren helburuetako bat, Euskal Herriko eta Estatu espainoleko mugak gainditzea. Kanadan, Estatu frantsesean, Belgikan, Danimarkan eta Portugalen argitaratu izan da azken urteetan.

Ziklo baten itxiera

Laurogeiko hamarkadan hamaika liburutegi eta artxibotan arakatu behar izan zuten idazleek dokumentazio lanak burura eraman ahal izateko. «Orduan ez zegoen gaur egungo baliabiderik», gogoratu zuen Murok. Garai hartan, gainera, “San Joan” baleontziaren aurkikuntzarekin kointziditu zuen sortze prozesuak. Orain, aldiz, baleontzi haren erreplika eskuz egiten ari dira Pasaian. «Ziklo bat ixten dela dirudi», gaineratu zuen.

34 urte beranduago ikusi dituzte album guztiak liburu bakar batean bilduta. Eta ordutik hiru hamarkada pasatu badira ere, garaian hartutako estiloa erabat gaurkotua dela defendatu zuten biek. «Fructuosok paginazio bertikalagoaren alde egin zuen, orduan hemen argitaratzen ziren komikien izaera klasikoari bizkar emanez», esan zuen Murok. Gaur egun oso ohikoa den estiloa, bere hitzetan, hiru hamarkada beranduago atzean geratu ez dena.