Jon ORMAZABAL
Entrevue
ANDER IMAZ
ASEGARCEKO PILOTARIA

«Ruben Belokiri esan nion profesionalekin entrenatuta ere gustura nengoela»

Pilotan azkenaldian gertatzen ari den izen iraultzaren erdian, Aritz Beginok utzitako hutsunea betetzera dator Ander Imaz oiartzuarra. Autzakoak bezala, eskuin indartsua du atzelari gipuzkoarrak eta bihar beteko du, bere herriko Madalensoro pilotalekuan, profesional gisa debutatzeko ametsa.

Titin zalea izan da umetatik, baina atzelaria izaki, Albisu eta Barriola miresten ditu orain, batez ere «erakusten duten umiltasunagatik».

Biharkoa egun handia izango da. Urduri? Ilusioz?

Ba, bietatik pixka bat, gogoz ea zer gertatzen den ikusteko. Azkenean gauza berrienak prentsa eta telebistei kasu egin beharra dira, baina gauza on bategatik da eta gustura. Oraindik hasiera baino ez da, baina oso gustura nago, bai.

Zure kasuan dena oso azkar joan da, gainera...

Bai, egia esan, orain dela bi hilabete-edo egin nuen lehen entrenamendua Asegarcerekin, orain dela hiru aste-edo proba moduko bat jarri zidaten Oiartzunen bertan eta orain dela pare bat aste esan zidan Ruben Belokik igoko nindutela, ni kontuan hartu nahi nindutela eta egia da dena oso azkar joan dela.

Aukerei ezin ihes egiten utzi...

Hori da, orain etorri da eta aurrera. Agian batzuek bi urte ematen dituzte entrenatzen eta ez dute aukerarik izaten, niri azkar samar heldu zait eta oso gustura. Gauza asko dira tartean, ze joko puntuan zauden, eskuak nola dituzun… niri horrela heldu zait eta Olentzerok opari ona ekarri dit.

Zu maila bikainean zenbiltzan, Zaldibarren finalerdiak jokatzekotan zinen...

Bai, nire urterik onena izan da ziur asko, eskuek ere errespetatu naute, lesiorik ez dut izan eta oso ondo sentitzen nintzen. Zaldibarren maila onean ari nintzen, baina utzi egin behar izan dut, baina debutagatik bada ongi etorria bedi.

Orain dela hiru bat aste ere proba moduko bat jarri zizuten herrian bertan profesionalekin...

Beginok utziko duela-eta atzelari bat igoko zela jakina zen, hiru edo lau ari ginen entrenatzen eta esan zidaten ze maila eman nezakeen ikusteko proba bat egingo zidatela. Hasieran, beldur pixka bat banuen, gaizki atera izan balitz orain beste batek egingo zuen debuta agian, baina ondo atera zen.

Zein gehiago zegoen igotzeko moduan?

Erasun, Iparraldeko Etxegoien eta Sarasarekin entrenatu izan naiz; gero tarteka beste profesionalekin ere nahasi izan gaituzte. Entrenamenduak Oiartzunen ere egiten nituen, baina ez dira exijentzia maila berekoak. Belokiri esan nion entrenatzearekin ere gustura nengoela, horrelako entrenamenduak egin ahal izatea partida bat jokatuta niretzat polita zela eta orain egunero ariko naiz eurekin.

Salto handia nabaritzen da? Zertan bereziki?

Erritmoan eta pilotetan nabaritzen da gehien. Materialean aldea badago eta suposatzen dut estelarretan are handiagoa izango dela, baina gehienbat naba ritzen dena erritmoa da, dosi fikatzen jakitea. Azkenean, profesionalak oso ondo prestatuta daude eta zu partida batean topera has zaitezke eta erdialderako nekatuta zaude eta eurak ondo. Hori esperientziarekin ikasiko dugu.

Nolako pilotaria zara? Belokik esan zuen eskuin ona duzula eta ez zarela urduri jartzen...

Bueno, eskuinarekin konfiantza handiagoa daukat txikitatik. Ezkerrarekin ondo moldatuko nintzatekeen pilota batzuetan konfiantza pixka bat falta dut.

Lasaiarena, hori kanpotik ikusten dena izango da, barrutik eramaten da. Egia da txikitan oso urduria nintzela, batez ere partidetan, baina orain zerbait ikasi dut. Denek bezala, egun txarrak izango ditugula badakit, baina azkenaldian nahiko ondo jokatzen ari naiz.

Herrian giro polita egongo da, profesionalik ez da egon aspaldi.

Hala da bai, azken oiartzuarra Esnaola izango zen, orain dela 35 urte edo. Bailaran ere, Errenteria, Lezo... ez da aspaldian egon eta jendea pozik dagoela nabaritzen dut.