Ustelkeriaren aurkako sarekada handia Serbian
Serbiako segurtasun indarrek 79 pertsona atxilotu zituzten atzo, ustelkeriaren aurkako sarekada handi batean, Nebojsa Stefanovic Barne ministroak jakitera eman duenez. Ustelkeria, botere-abusua, dirua zuritzea eta krimenak finantzatzea leporatuta atxilotutakoen artean hainbat konpainia publikotako zuzendaritzetako kideak, bi Barne ministro ohi eta zenbait alkate ere badaude.
Stefanovicek esandakoaren arabera, hamarkada askotan ustelkeriaren aurka herrialdean egin den operaziorik handiena da atzokoa. Atxilotuei leporatutako delituak 2004tik aurrera eginak izan ziren.
Herrialdeko agintariek egin dituzten kalkuluen arabera, giltzapean dauden pertsona horiek 7.800 milioi dinar inguru bidegabe erabili zituzten, hau da, ia 64 milioi euro inguru. Beste iturri batzuek, berriz, kopuru handiagoa eskaintzen dute: Serbiako Estatuak 100 milioitik gora euro galdu ditu delitu horien eraginez.
Serbiako agintariek joan den abenduaren 14an hasi zituzten Europar Batasuneko kide bihurtzeko negoziazioak. Ustelkeriari aurre egiten ahalegintzen ari dira geroztik, horixe baita nazioarteko erakunde horretako kide izateko bete beharreko baldintzetako bat. Ustelkeriak eta krimen antolatuak ikaragarri egin zuten gora 1990eko hamarkadan Serbian, Jugoslavia ohiko gerren eraginez.
Segurtasun indarrek beste bost lagun atxilotu nahi dituzte eta beste 39 pertsonaren aurkako salaketak aurkeztu dira, Belgraden eskainitako prentsaurrekoan ministroak azaldu zuenez.
«Egun handia»
Hilaren 14an adostu zuten Serbiak eta Europar Batasunak herrialdea nazioarteko blokean sartzeko negoziazioei hasiera ematea. Negoziazio prozesu horren lehendabiziko bi kapituluak zabaldu zituzten: finantzen kontrolari dagokiona eta Kosovorekiko harremanekin lotuta dagoena.
«Serbiarentzat egun handia da gaurkoa», adierazi zuen orduan Alexander Vucic Serbiako lehen ministroak. Vucic oso baikor zegoen eta adierazi zuen negua bukatu baino lehenago negoziazioen beste bi kapitulu zabaltzeko moduan egotea espero duela: giza eskubideei eta Zuzenbide Estatuari dagozkionak. Bere egitasmoaren arabera, 2016an eta 2017an kapitulu gehiago zabalduko dira eta azken urte hori amaitu baino lehen beste kapitulu batzuk itxita edukitzea espero du. Bide horretatik, 2019an negoziazioa erabat itxita egongo litzateke, Vucicen arabera. «Oso anbiziotsua da hori», erantzun du Bruselak.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
