Jon LEUNDA
PILOTA

Larraldek aurreikuspen guztiak apurtu ditu

Superprestige torneoko finala eraman du, nahiz etahastapenean dirua 100-20 atera Ducassourenalde. Apustuek, baina, ez dute irabazlea erabakitzen.

LARRALDE 40

DUCASSOU 26

 

Ezustea bai, baina ez. Horrela laburtu daiteke atzoko finala. Ducassou zen irabazteko faboritoa, baina aurrean beste pilotari handi bat dagoenean gauzak ez dira horren garbi izaten. Garat trinketera joan ziren zaleek behintzat ez zuten horrela ikusi, dirua 100-20 atera baitzen Ducasouren alde. Amaieran, ordea, batek baino gehiagok kolpe galanta jasoko zuen atzokoan.

Bi pilotari handi neurtu ziren atzo, biak oraindik oso gazteak, 22 eta 24 urtekoak, eta bietan gazteena, Peio Larralde, gailendu zen. Hala ere, kintze dotore ugari ikusi ziren. Hastapenean gauzak estu joan ziren, nahiz eta hiruna adostuta egon ostean Larraldek 12-3ra ihes egin. Ducassouk ongi erreakzionatu zuen, eta hiru tantora jarri zen, 12-9. Partidak bide estutik jarraituko zuela zirudien, baina hortxe apurtu zen finala. Larraldek 11-0ko partziala sartu zuen, norgehiagoka 23-9 jarriz, eta hor bai ezinezkoa egin zitzaiola Ducasouri partidari buelta ematea. Txapela jantzi zuen pilotariak aurrera jarraitu zuen, gero eta zulo handiagoa eginez. Ducassouk zenbat kintze egingo zituen jakitea besterik ez zen falta, eta, galdu arren, markagailua txukundu zuen behintzat.

Biak dira pilotari handiak, eta, Bilbao eta Ospitalekin batera, lau gaztek osatzen dute uneotan trinketeko esku pilota profesionaleko gailurra. Gaur hasiko da Buruz Burukoa, eta laurek izango dituzte euren aukerak, askoren iritziz atzoko final bera errepika badaiteke ere. Ikusiko da, baina bai bat eta bai bestea oso ongi daude, eta, minik hartzen ez badute, eurak mendean hartzea asko kostako zaie.

Oraingoz Larraldek abantailarekin ekingo dio Buruz Burukoari, atzoko txapelak balio handia baitauka. Ducassouk, berriz, amorrua erakutsi nahiko du, eta onena zein den ere bai. Superprestigio torneoa eta gero, Buruz Burukoa bikaina izango dena errezeloa dute denek.

 

Buruz Burukoa

Txapelketa bat amaitu, eta gaur bertan hasiko da bestea, Buruz Burukoa jarriko baita abian. Leku berean, gainera, lehen kanporaketa Donibane Garaziko Garat trinketean jokatuko baita 17.00etan hasita. Goikoetxea eta Bielle neurtuko dira. Azken hori aterako da faborito. Arituko ez dena Lemuno da. Ezker pareta utzi eta trinketera etorri da, baina lehiaketa hau ez du jokatuko, eta, Binakakoan izan nahi badu, maila hobetu beharko du, bestela ezinezkoa egingo zaio-eta.