GARA
DONOSTIA

Euskal Tonbolaren Megasaria banatu eta euskaltzaleak zoriondu ditu Kontseiluak

Euskal Tonbolaren Megasaria banaketa ekitaldia egin zuen Kontseiluak atzo Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Lehen aldia zen Euskal Tonbolak Megasaria banatzen zuela; horixe zen 2015eko edizioaren berrikuntzetako bat. «Euskaraz bizi nahi dut» esaldia osatu behar zuten txartelen erosleek eta ondoren zozketan parte hartzeko esaldi osatua bidali. Abenduaren 30ean egin zen zozketa notario aurrean eta Abaltzisketako Jonathan Valdivielsok bidalitako gutunetako bat izan zen sariduna. Sandero autoa, hilero 400 euroko erosketa saski bat, Scotter motorra, Kariberako bidaia, kruzeroa eta abar jaso ditu.

Saria emateaz gain, euskaltzale guztiei zuzendutako eskertze ekitaldia ere izan zen Andoainen egin zutena. Valdivielsok berak azpimarratu zuen «guztion energia» beharrezkoa dela euskararen normalizazioaren bidean urratsak egiteko. Nola ez, aurtengo ediziorako irrikan dagoela onartu zuen saridunak.

Bitartekari lana

Kontseiluko zein Behatokiko ordezkariek herritarrek Euskal Tonbolan egiten duten inbertsioari esker euskalgintzak egin ditzakeen lanen hainbat adibide aipatu zituzten eta, adierazi, ekarpen hori gabe ezinezkoa litzatekeela lan horiek egitea.

Txartelak erosi dituztenei ez ezik, kanalizatzaile lana egin duten merkatari eta tabernariei ere esker ona adierazi diete. Tabernarien izenean, Iruñeko Kalixto tabernako ordezkariak euskararen normalizazioan ekarpena egitearen garrantziaz hitz egin zuen, eta bakoitzak ahal duen neurrian ekarpen hori egin behar duela aldarrikatu zuen.

Euskal Tonbolaren antolatzaileen izenean, Mikel Aznarrek gogoratu du hamar urte daramatzatela ekimen hori aurrera eramaten. «Urte hauetan guztietan ilusio handiz aritu gara, eraikitzailea izan nahi duen bide oro ilusioz egin behar dela uste dugulako. Milaka eta milaka lagunek osatzen dugu Euskal Tonbolaren familia handi hau. Txartel bakoitzaren atzean pertsona bat dagoelako, ilusio bat, emozio bat helburu bat, atxikimendu bat», adierazi du.