GARA
BILBO

Olabeaga Bizirik eta EH Bildu, ekinean hegoaldeko saihesbidea ez eraikitzeko

Bilboko portuko merkantziei irtenbidea bilatzeko Madrilek aurkeztutako hegoaldeko tren saihesbidearen aurka azaldu dira Olabeaga Bizirik eta EH Bildu. Hori gauza ez dadin mobilizatzen ari dira. Azpiegituraren proposamena informazio azterketaren fasean dago.

Bai Olabeaga Bizirik-ek bai EH Bildu Madrilek Bilboko portuko merkantziei irtenbidea bilatzeko proposatutako hegoaldeko tren saihesbidea gaitzetsi dute, baita hau egiteko modua ere, eta eraiki ez dadin mobilizatzen ari dira.

Koalizio abertzaleak atzo zabaldutako ohar batean adierazi zuenez, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko ekonomian, ingurumenean eta gizartean inpaktu handia izango duen azpiegitura hau planteatzerakoan, «berriro ere, ez da herritarren parte-hartzerik aurreikusi eta ez da tokiko erakundeen parte-hartzea eta iritzia kontuan hartu».

«Are gehiago, makroazpiegitura bat inposatu» dela deritzo, «berriro ere zementua pertsonen gainetik» jarriz. EH Bilduk erantsi zuen diru publikotik «310 milioi euro gastatzea» suposatuko duen lan hori soilik “Euskal Y”-a eta Santander-Bilbo abiadura handiko trenbidea lotzeko aukerarik onena dela esanez justifikatzen dela.

Salatu zuenez, Serantesko tunelari erabilpena ematea ere bilatzen dute azpiegiturarekin. «Erabilpenik gabeko 50 milioi euro kostatutako tunel bat existitzea krisi egoera honetara nola iritsi garen erakusten duen adibide argia da, makroazpiegituren planifikazio eta eraikitzea, gastu eta galeren gizarteratze eta irabazi pribatuen irizpide bakarrarekin».

Horregatik guztiagatik saihesbidearen inguruko proposamena alde batera utz dezala eskatu zion EH Bilduk Madrili, eta Bilboko portutik merkantziak garraiatzeko dauden alternatiben inguruko kostu-irabazien azterketa egin dezala ere bai. «Eskualdearen antolakuntza eta garraio ereduaren gaineko eztabaida serio eta benetakoa» martxan jartzeko beharra azpimarratu zuen, orduan iritsiko baita jendearen bizia «hipotekatuko» ez duen soluzioa.

Koalizioak bat egin zuen herri taldeek eta talde ekologistek aurkeztutako alegazioekin, tartean Olabeaga Bizirik. Honek Bilboko indar politikoen babesa eskatu zuen, auzoak «beste azpiegitura bat jasan» beharrik ez izateko eta Sustapen Ministerioak saihesbidea hemendik at egiteko. Ortuella, Trapagaran eta Barakaldoko elkarteak bat datoz plataformarekin eta harremanetan daude batera antolatzeko.