GARA
GASTEIZ

Txarli Prietoren aurkako auzia artxibatzeko eskatu du fiskalak

EAEko fiskal nagusiak PSEko legebiltzarkide Txali Prieto eta alderdi bereko Antolakuntza idazkari Victor Garcia Hidalgoren aurkako auzia artxibatzeko eskatu du. Haren ustez, ez dago nahikoa froga ustezko iruzur delitua eta dokumentuen faltsutzea egiaztatzeko.

PSEko legebiltzarkide Txarli Prietoren eta PSEko Antolakuntza idazkari Victor Garcia Hidalgoren aurkako auzia artxibatzeko eskatu du EAEko fiskal nagusiak. Izan ere, Juan Calparsororen ustez, orain arte topatu diren frogak ez dira aski ustezko iruzur delitua eta dokumentuen faltsutzea egiaztatzeko.

Europa Pressek atzo azaldu zuenez, Arabako PSEren egoitzetan idazkari nagusi ohiaren enpresa batek –Escoiba– egindako lanetan ustez iruzurra egitea leporatzen zien Calparsorok Prieto eta Garcia Hidalgori, baina fiskal nagusiaren ikerketak ez du frogatu inputatuek ekonomikoki onurarik atera zutenik.

Berri agentziak lortutako testu batean fiskal nagusiak adierazten duenez, ez da frogatu enpresak kobratutako 29.971 eta 19.501 euroko fakturen truke «lanik egin ez zutenik». Alderdi politikoen segurtasuna indartzeko funts publikoetatik jaso zuen diru kopuru hori PSEk, eta Escoibak hainbat lan egin zituen Arabako hainbat egoitzatan 2010 eta 2012. urteen artean.

Dena den, PSOEk ez duela bere ondasunean kalterik izan eta Kontu Auzitegiak ere ez duela horri buruz ezer esan ohartarazten du Calparsorok, eta instrukzioan zehar gastu hori justifikatu zela adierazten du. «Eta horrek iruzur delitua baztertzea ahalbidetzen du», gaineratzen du fiskalak.

Gainera, testuan argudiatzen duen bezala, «zigor arloan nahikoa da lanak egin zirela frogatzea; izan ere, zigor arloan ez du garrantzirik proiektatutako edota kontratatutako proiektuarekiko adostasunak, hori alor zibilean sartzen baita». Hala ere, fiskal nagusiaren ustez, Arabako PSEk jasotako diru publikoaren kudeaketa hobetu beharra dago, «batez ere fakturen kudeaketa eta kontabilitatea».

Prieto eta Garcia Hidalgoren aurkako auzia udaberrian hasi zen, EAEko fiskal nagusiak salaketa anonimoa jaso zuenean. Salaketa horren arabera, Escoibak Barne Ministerioko dirua jaso zuen, baina ez zituen egin segurtasun lanak Rivabellosa, Amurrio, Bastida, Laudio eta Aguraingo egoitzetan.

Legebiltzarkideak onartu zuen PSEk berak zuzentzen zuen enpresa bati obra batzuk egiteko kontratua esleitu izana, eta «segurtasuna eta konfiantzagatik» Escoiba kontratatzea erabaki zutela azaldu zuen.