GARA
DONOSTIA

Gipuzkoan 13 milioi litro sagardo ekoitzi dituzte 2015eko uzta «ezin hobeari» esker

Sagar uzta «ezin hobea» lortu dute Gipuzkoan 2015ean, bai kantitatez eta kalitatez ere. Hori dela-eta, 13 milioi litro sagardo ekoitzi dituzte bertako sagardotegiek. Datorren hilaren 13an Sagardo Berriaren Eguna ospatuko dute, alegia, txotx denboraldiari hasiera emango diote, eta ordurako dena prestatzen ari dira sagardogileak.

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak esandakoari jarraituz, lortutako produktuak usain «freskoa» dauka eta «ahoan gorputza». Era berean, gogoratu dute jada prest dagoela upeletik zuzenean edota botilatik zerbitzatuta dastatzeko. Hori dela-eta, urtarrilerako sagardoarekin zerikusia duten hainbat ekimen prestatu dituzte.

Elkarteak azaldu duenaren arabera, 2015eko uztan lortu den sagar kantitate eta kalitate handiari esker, sagardoa egiteko erabili den fruituaren «%60-70 bertakoa da eta %30-40a kanpokoa».

Sagardo berriaren ezaugarriei dagokienez, nabarmendu dute «aurreko urteetan baino tanino eta polifenol gehiago» duela eta baita «alkohol gradu handiagoa» ere.

Hartzidurari buruz, pasa den udazkenean izan dugun tenperatura epelak prozesuari lagundu diola azaldu dute, eta horregatik, lehenago gauzatu dela eta «kasu gehientsuenetan lurrin ona» dutela zukuek.

EAEko %95a

EAEn ekoitzitako sagardoaren %95a Gipuzkoan egina da. Bizkaian 250.000 litro lortu dituzte –bertako sagarrarekin egina %100ean– eta Araban 120.000, erdia sagardoa eta beste erdia muztioa. Arabako Sagardogileen Elkarteak azaldu duenez, eskaera gero eta handiagoa denez, pixkanaka ekoizpena ere handitzen doa urtetik urtera. Guztira, EAEn, 30 sagardotegi daude.

Nafarroan, berriz, 200.000 litro lortu dituzte, Nafarroako Sagardo Naturalaren Ekoizleen Elkarteak emandako datuen arabera.

Txotx denboraldiaren irekierari dagokionez, esan bezala, Gipuzkoan urtarrilaren 13an ospatuko dute Astigarragako Sagardoetxean eta Zelaia sagardotegian, eta Hernanin hilaren 16an; Araban Trebiñuko Askartza sagardotegian egingo dute hilaren 14an; eta Nafarroan egun bat geroago, Lekunberriko Toki Alai sagardotegian. Bizkaian pixka bat atzeratuko dira eta denboraldia urtarrilaren 20an zabalduko dute, Zornotzako Uxarte sagardotegian.