Bazkideak lortzeko kanpaina abiarazi du Gure Esku Dago-k
Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko erronkari aurre egiteko herritarron partaidetza eta protagonismoa ezinbestekotzat jotzen ditu Gure Esku Dagok. Erronka hauei aurre egiteko bazkideak lortzeko kanpaina martxan jarri du ekimenak, atzo zuzendaritzak Zornotzan egin zuen bileran jakitera eman zuenez.

«Erabakiaren aroak dinamika sendo bat behar duelako», bazkide kanpaina martxan jarri du Gure Esku Dago ekimenak. Zornotzan bildu ziren atzo talde honetako zuzendaritza batzordeko 50 kide, eta bileraren etenaldian Angel Oiarbidek eta Zelai Nikolasek kanpaina honen berri eman zuten.
Herriz herri batzordeetan banatuko dira bazkide berriak egiteko paperak. Interneten bidez ere eman daiteke izena.
Atzoko bileran, pasa den azaroaren 21ean Gasteizko ezohiko batzar orokorrean onartutako Eskura prozesuaren ondorioetatik abiatutako 2016ko Ekintza Plana eta Egituraketa proposamena aztertu zituzten. Hurrengo asteetan hauen inguruko zehaztapenak herriz herri landuko dira. Agerraldian, helburu hauek gauzatzeko bazkidetzaren garrantzia nabarmendu zen.
«Herritarron protagonismoa eta herritarron parte-hartzea dira erabakira iristeko bermerik onena. Eta protagonismo eta parte-hartze horren topagunea da Gure Esku Dago. Orain artean mila modutan dinamikan parte hartu duten herritar guztiei bazkidetzeko gonbidapena egiten diegu, orain artean bezala, elkarrekin osatzen dugulako Gure Esku Dago», nabarmendu zuten Oiarbidek eta Nikolasek.
«Batean eta bestean erabakitzeko eskubideaz mintzo dira, mintzo gara. Espainiako hauteskundeetan, hango gobernu berria osatzeko elkarrizketetan, Kataluniak bizi duen egoera nahasian eta baita gurean ere herritarren borondateari bide emateko beharraz mintzo garenean. Aspaldi esan genuen erabakitzeko eskubidea garrantzitsuegia zela soilik alderdi politikoen esku uzteko eta herritarrok ezinbesteko protagonismoa genuela aldarri horretan. Herritarron erabakia baitago jokoan, herritarron bultzadarik gabe nekez gauzatuko dugu erabakitzeko eskubidea», gaineratu zuten.
«Herritarron tresna»
Eskura prozesuaren harira hamaika bilera egin da herri eta auzoetan, ekarpen ugari jaso da eta Gure Esku Dagok egin beharrekoaz gogoeta egin da. Hortik guztitik atera duten ondorioa «herritarron tresna gisa» ekimena indartu beharra dagoela da.
«Dinamika sortu genuen unetik, herritarron protagonismoari eta parte-hartzeari esker eman ditugu emandako aurrerapausoak. Sortu izana bera, 150.000 pertsonak eskua emateari esker Durango eta Iruñea lotu izana, herriz herri eta auzoz auzo piztutako dinamikak... 2013. urtean dinamika sortu genuenetik gauza handiak egin ditugu. Eta handiena daukagu egiteko», esan zuten.
Gauzak horrela, datozen hilabeteotan erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenak bultzatu eta nahikoa adostasun eraikitzeko gai diren eremuetan erabakiaren ariketa eta galdeketak sustatuko dituzte. Honekin batera, horien guztien konfluentzia gisa eta erabakitzeko eskubidearen gauzapena ekarriko duen ituna adostuko dute.
«Erabakiaren aroa abiatu dugu, erabakitzera goaz. Eta hortaz, beti bezala, baina inoiz baino gehiago, herritarrok behar dugu izan protagonista», azpimarratu zuten bazkidetza kanpainaren garrantzia nabarmentzeko.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«Quiero que no siga explotando a la gente inmigrante»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
