GARA
BILBO

Getxoko gurutzaontzien kai berriko obrak, esleituta

Bilboko Portuko Agintaritzak Giroa SAU-Excavaciones Viuda de Sainz SAri esleitu dio Getxon duen gurutzaontzien kai berriko itsas estazioaren proiektuko obrak egiteko kontratua. Esleipenaren zenbatekoa 4,6 milioi eurokoa da (BEZik gabe), eta gauzatzeko epea, 11 hilabete.

Itsas estaziorako ontziratze-pasabide mugikorraren proiektuaren eta obraren kontratua, aldiz, Prosertek SLrentzat izan da. 966.000 euro dira (BEZik gabe), eta epea, hamar hilabete.

Eraikin moderno eta argitsua

Gurutzaontzi-terminal berriak hamabost metroko altuera eta 3.200 metro karratu erabilgarri izango dituela jakinarazi du Bilboko Portuko Agintaritzak. Beiraz hornitutako kontainer handi, arin eta oso argia izango da, oinarri angeluzuzenekoa, zinkezko estalki arin batez estalia. Sei argi-zulo izango ditu, eta itxiera okerra, dinamismoa emateko.

Bi solairu nagusi izango ditu, baita solairuarte bat ere. Beheko pisuan, ataria eta turismo informazioko erakusmahaia egongo dira, eta han egingo da bidaiaren harrera eta ekipajeen fakturazioa. Halaber, leku zabal bat egongo da ekipajeak jasotzeko. Solairuartean, VIP aretoa eta bulegoak kokatuko dira. Lehen solairuan, itxarongela, ontziratzekoak diren bidaiarien kontrol-eremua eta lehorreratzeko gunea jarriko dira.

Bidaia Getxon hasten edo bukatzen duten bidaiarien beharrei erantzuteko bidaiarien eta ekipajeen fluxuak bereizi egin dira eraikinaren diseinuan. Gainera, aparteko eskailerak egongo dira sartzen ari diren eta ateratzen ari diren bidaiarientzat.

Terminalaren beste ezaugarri bat ontzietarantz zabaltzea izango da. Bidaiariak zuzenean sartuko dira terminalera eta/edo itsasontzira, eroso eta seguru.