GARA
WASHINGTON

AEBetako militarren umeek ehunka sexu-abusu jasaten dituzte

AEBetako Defentsa sailak ezagutzera emandako datuen arabera, Armadako kideen seme-alabek urtean ehunka sexu-abusu jasaten dituzte. Agintariek emandako datuak ez dira nahikoa fenomenoaren argazki osoa eskaintzeko, gauza gehiegi falta dira-eta.

AEBetako Defentsa sailak ezagutzera emandako datuen arabera, Armadako kideen seme-alabek urtean ehunka sexu-abusu jasaten dituzte. Militarrak izaten dira sexu-abusu horien egileak kasu gehienetan, eta sailkapen horretako bigarren postuan familiako beste kideak ageri dira erasoaren egile moduan, AP Associated Press-ek eskainitako informazioak azaltzen duenez.

Edonola ere, arazoa noraino iristen den jakiterik ez dago, militarren prozesu judizialek ez baitute inolako gardentasunik izaten. AEBetako Armadaren menpe milioi bat pertsona baino gehiago dagoenez, abusu kopuruak txikia dirudi, «baina bere buruaren ohore eta diziplinaz harro ageri den lanbidearentzat orban onartezina da hori», APren iritziz.

Defentsa sailak emandako datuak ez dira nahikoa fenomenoaren argazki osoa eskaintzeko: ez da argitzen ez erasotzailearen ez biktimaren adinari buruzko daturik, ezta erasoak izan ziren lekuari buruzkorik ere. Armadaren zein adarretan egin zen salaketa ere desagerrarazi egin dute dokumentuetatik.

Pentagonoak esan du datu horiek ez dituztela emango biktimen nortasuna ezkutuan edukitzeko, hedabideen jarduerak berriz biktima bihurtu ez ditzan. Txostenean ageri diren sexu-abusu kasuetako zenbat iritsi diren auzitegietara ere ez dute argitu. APk azaroan plazaratu zuen lanaren arabera, espetxe militarretan preso gehiago dago adingabeen aurkako abusuengatik, beste arrazoiengatik baino. Justizia militarraren opakutasunak eragiten du inork ez ezagutzea ez zenbat delitu egiten diren ez zigortuek zenbat denbora egin duten giltzapean.