Andoni ARABAOLAZA
Protagonista

Xavier de Le Rue, mendiko snowboarder espezialista handia

«Rider» ezagunak muturreko makina bat jaitsiera egin ditu. Nahiz eta mendi handietan eskarmentu zabala duen, De Le Ruek diohaiekin «feeling»-a bilatzen duela, ez dela alpinista, eta soilik «bihurgune» onak, gozatzeko elurra eta abiadura interesatzen zaizkiola.

Xavier de Le Ruek bere burua aurkezten duenean, «freerider»-a dela azaltzen du. Baina mendiko hedabideok argi dugu termino horrek ez duela baliorik mendia hitza ez badiogu gehitzen. Horrela bada, lasai asko esan dezakegu De Le Rue mendiko «rider» edo snowboarder-a dela. Eta ez hori bakarrik, azpimarra dezakegu nazioarte mailan espezialista handia dela.

Hainbat hamarkada darama muturreko jaitsiera ikusgarriak egiten, eta horietako asko eta asko goi mendietan eta muturreko inguruetan sinatu ditu: Alpeak, Alaska, Antartika... Haatik, txikiagoak badira ere, Pirinioak bere bihotzean gordetzen ditu: «Han jaio nintzen eta lagunak han ditut. Aitortu behar dut, beti bidaiatzen ari naizenez, mendi horietan ez ditudala jaitsiera asko egin. Nire tresneria guztia Suitzan dut. Baina, bai, Pirinioetako mendilerroa nire benetako etxea da, eta nire bizitza han amaituko dut».

Jakina, esku artean dituen jaitsieren zerrenda ez du ezkutatzen; eta profesionala izaki, horietako batzuk pantailaratu ditu. Hor dira, besteak beste: “White noise”, “Mission Antarctica”, “This is my winter”... Azkena, “Degrees North”, aukera izan genuen iaz Donostiako Zinemaldiaren Savage Cinema atalean zein Bilboko Mendi Film Festivalean ikusteko.

Pelikula horietako batzuetan, freeriderrak helikopteroen laguntza izan du; baina, beste askotan, alpinismoa egiten ikusi dugu. Hori dela-eta, mendiko snowboarda egiten duen alpinista bezala definitu dezakegu. Baina Xavierrek mendiak igotzen eskarmentua badu ere, ez du bere burua alpinistatzat hartzen: «Jaitsierak egin baino lehenago, mendiekin feelinga izaten saiatzen naiz. Jakin badakit, mendiek bere baitan tranpa asko gordetzen dituztela. Hauek irakurtzea ezinbestekoa da. Mendi handietan snowboarda zein alpinismoa egiten dut, baina ez naiz alpinista. Alpinismoari esker, gustuko ditudan natur eremuetara joaten naiz. Baina benetan gehien interesatzen zaizkidan eiteak honakoak dira: ‘bihurgune’ onak, gozatzeko elurra eta abiadura. Bide batez esan behar dut paretetara joatea eta elurra sentitzea asko gustatzen zaidala. Jakina, helikopteroarekin joan eta elur maldetatik jaisten naizenean, ez dut inolako feelingik sentitzen».

De Le Ruek argi du alpinismoa ez dela helburu bat, baizik eta bitarteko bat: «Jaioterritik alde egin baino lehen, asko eskalatu nuen. Ez nuen inolako arazorik izan Pirinioetan zein Chamonixeko mendietan maila txikiko jarduerak egiteko. Mendia eta snowa batzea ebidentzia bat besterik ez da. Nahasketa hori frustrazio batetik sortu zen, eta eskuraezin nituen hainbat bidetara iristea eskaini zidan. Erosotasuna eman zidan, batez ere snowboardak dituen aukerak zabaltzeko».

Ulertzekoa denez, izaera honetako mendiko rider handi batentzat, jaitsierak dira benetako xedea. Baina berak oso argi dio, malda elurtu zein izoztu horiek jaitsi baino lehen, aldez aurreko lan oso garrantzitsu bat bete behar dela: «Inolako zalantzarik gabe, mendia ondo baino hobeto irakurri eta aztertu behar da. Aztertzen ari zaren bitartean, gai izan behar zara mendia ikusi eta imajinatzeko nola izango den goialde hori. Mendiaren alde bakoitza aztertu behar da jaitsiera automatikoa izatea nahi baduzu. Beraz, orain arte aipatu dudan lana ezinbestekoa da; batez ere, jaitsieran lehen urratsa egiten duzunean dena eginda dagoelako. Horregatik askotan diot mendiarekin zein jaitsierarekin feelingik ez badut, etxera arazorik gabe itzultzen naizela. Amesten duzun jaitsieraren eguna perfektua bada, orduan %100a ematen dut. Beste gauza bat da jaitsiera zehatz batean egoera okertzen denean. Horrelakoak asko izan ditut. Aiguille Du Plan-en oso gaizki pasatu genuen. Minutu gutxi batzuk eskatzen dituen aktibitatea lau ordukoa bihurtu zen».

Arriskuaren eitea aipatu du De Le Ruek, eta, jakina, bere ibilbidea ikusirik argi asko dago muturreko makina bat egoera bizi izan dituela. Alabaina, ez du dramatizatzen, eta horregatik dio egoera horietatik asko ikasten dela: «Lehen beste modu batera jarduten nuen. Eskarmentuari esker gauza berdinak egiten ditut, baina segurtasun gehiagorekin. Egun, askoz ere eraginkorragoa naiz. Aktibitate gutxiago egiten dut, baina aurrera eramaten dudana ondo egiten dut. Lehen, denboraldia amaitzen zenean neure buruari zera esaten nion: ‘Uf, bizirik atera naiz’. Gazte zarenean, batzuetan zaplazteko bat behar duzu mendiak zer egiten duen ulertu ahal izateko».

Elurroldeei beldur

Garai batean ez bezala, rider entzutetsu honek esan du bere xede nagusia ez dela zailtasuna. Muturreko jaitsiera asko egin ditu, baina, arestian aipatu duen eskarmentuak lagunduta, egun mendian egiten dituen jaitsiera horiek beste era batera begiratzen ditu: «Jarduera ederrak eta ikusgarriak egiten saiatzen naiz. Mendi garaiena eta zailtasun handiena ez dira nire helburu nagusiak. Zalantzarik gabe mendizaleen pentsamolde ezberdina dut. Horrekin esan nahi dut, adibidez, oso garaiera handia duten mendiek ez nautela erakartzen. Zergatik hori? Bada, arrisku handia dutelako eta bilatzen ditudan sentsazio on horien plazera deuseztatzen dutelako. Himalaiako mendietan ez naiz inoiz egon. Agian, mendi horiek ikustera joango nintzateke, baina horiek jaistea ez da nire lehentasunen artean sartzen. Nire jaitsierak plazerean eta estetikan oinarrituta daude. Agian, egunen batean pelikula bat egitera joan naiteke, baina nire ohiko jardueretan ez dut ikusten. Beldur handia diet. Beldur hori beti izan dut. Uste dut beldurrak eite baikor bat duela, besteak beste, alertan egotera behartzen nauelako. Egun, gainera, alaba bat dut, eta alerta horri gero eta kasu gehiago egin behar diot».

De Le Rue kolore guztietako jaitsieretan jo eta su ikusi dugu: 70 metroko izotz urdinean, serac beldurgarriak zeharkatzen, salto handiak egiten... Baina, berak dioen modura, beldur handiena elurroldeei die: «Ezin dira aurreikusi, zuk ez dituzu kontrolatzen... Mendiak tranpa asko egiten ditu, eta horietako bat elurroldeen arriskua da. Soilik behin, 2008. urtean, elurrolde batek harrapatu ninduen. Nire ibilbidean inflexio-puntua izan zen. Haur bat nuen, eta egundoko erronka izan zen. Zorionez, soilik oinetan bihurritu bat izan nuen, eta denboraldia bukatu zitzaidan. Oro har, oso zuhurra naiz; beste gauza bat da bideoetan azaltzen dena. Jaitsiera baten irudi-muntaketa bat besterik ez da, eta hor ez dira azaltzen denboraldian zehar hartzen ditudan erabakiak. Une ero batzuen une zehatzak dira, baina hori ez da errealitate osoa».

Mendiko rider honi beste espezialista batzuen izenak aipatzen dizkiotenean, Marco Siffrediren irudia gogora ekartzen du: «Ia nire belaunaldikoa zen. Ikaragarria izateaz gain, ero puntua zeukan. Berarentzat ia mugarik ez zegoen, eta horrela bizi zen. Zalantzarik gabe amets egiten irakatsi zigun. Beti bere mugak bultzatzen jarduten zuen. Nik beste bide bat hartu nuen».