GARA
DONOSTIA

Pertsona migratzaileen egoera aztertzeko batzorde berezia sortuko dute Gipuzkoan

Gipuzkoako Batzar Nagusiek jaioterria utzi eta Gipuzkoara etorri behar izan duten herritarren egoera aztertzeko batzorde berezia sortzea adostu zuten atzo.

EH Bilduko batzarkide Ainhoa Beolak azaldu zuenez, «egoera asko eta oso ezberdinak daude, baina puntu komun batekin: inork ez duela bere sorterria uzten oinarrizko egoera oker bat hobetzeko ez bada, eta bidaia fisiko eta emozional horretan sortzen diren oztopoak ugariak izaten direla».

EH Bilduk berak proposatu zuen batzorde hori osatzea eta aho batez onartu zuten. Bi hilabeteko iraupena izango du –oraingoz– eta gatazka armatuetatik ihesi datozen pertsonetara mugatuko da laguntza, EAJk hala eskatuta, nahiz eta hasierako proposamena zabalagoa izan. «Gatazken atzean arrazoi sozioekonomikoak eta eskubide zibilen apurketa dago; beraz, hori ere kontenplatu behar dugu», esan zuen Beolak.

Kuota sistema

Kuoten sistema dela eta, migrazioaren deshumanizazioa gertatzen ari dela aipatu zuen batzarkideak. «Administrazioak kuotetara mugatzen baldin bagara, pertsona asko utziko ditugu linbo batean, zeren eta jakin badakigu egunero iristen ari direla ihesean datozen herritarrak, eta horientzat ere neurriak aktibatu behar ditugu».

Migratzaileen egoeraren berri izateko, kolektibo horiekin lan egiten duten dozena bat eragile Batzar Nagusietara gonbidatzea proposatu zuen EH Bilduk.

Bestalde, Aldundiari migrazioari eta aniztasunari buruzko foru politika publikoen plangintza aurkez dezala eskatu dio, «kontraesankorra» delako «Diputazioak bere ardurari uko egitea Batzar Nagusiek» batzorde bat sortzea adostu badute.