Fito Rodriguez
Txillardegi Gogoan ekimenaren izenean
KOLABORAZIOA

Txillardegiren besarkada

Dagoeneko, lau urte badira Jose Luis Alvarez Enparanza, intelektual donostiarra, zendu zela. XX. mendearen erdian, nazioarteko kultur erreferentzia garaikideak euskal literaturara ekarri zituen. Fikzioaren arloan, sortzailea izanik, bizitza osoan idazkera egokiaren bila ibili zen. Entsegugintzan, gogamen filosofikoari muzin egin ez zion saiogilea izan zen, piano jotzailea, hizkuntzalaritzan, dialektologian, fonetikan, soziolinguistikan eta glotopolitikan aditua eta aritua, unibertsitate irakaslea, euskal presoa, erbesteratua eta errefuxiatua, ETAren fundatzailea eta borroka armatuaren amaieraren aldarrikatzailea, existentzialista eta, jakina, euskaltzalea.

Egungo Europar Batasunaren ereserkia Beethovenen Bederatzigarren Sinfoniatik hartua da. Hark Friedrich Schillerren “Alaitasunaren oda” hartu zuen oinarritzat herrien arteko besarkada islatzeko, eta honela dio… «Seid umschlungen, Millionen, dieser Kuss der ganzen Welt»; hau da, «besarkatuak izan zaitezte, milioiak, gizateriari emandako muxu honetan».

Horixe bera eskaini nahi diogu duela lau urte joan zitzaigun Txillardegiri, besarkada handi bat, hain zuzen ere, ukazio instituzionala gertuko gizatasunaz ordezkatu ahal izateko, Europako Kultur Hiriburutza estreinatzeko dagoen haren sorterrian. Gaur da eguna, zeinean ez baita, Donostiako idazleok eskatuta eta ehunka donostiarrek aldarrikatuta ere, haren izena hirian inon aurkitzen: ez dago liburutegietan, ez du kalerik, ez oroigarririk, ezta eraikinik ere, nahiz eta hil aurretik Hiritar Merezimenduaren Domina eman zioten.

Hari entzuna diot, lehenengo atxiloketa pairatu zuenean, gordeta zuela Koldo Mitxelenak euskarazko eskolak emateko berari utzitako Gipuzkoako Foru Aldundiko Urkixo gelako giltza eta komeriak izan zituela hura ezkutatu eta itzultzeko.

Mitxelenaren eta Txillardegiren artean izandako harremanik gabe egun ez genuke euskara batua erabiliko. Hala ere, denboraren poderioz, Txillardegiren eta jelkideen arteko erlazioa ozpinduz joan zen eta Mitxelenarekin ere distantzia hartu zuen. Gainera, harrigarria baita, EAJk euskarari buruz zuen jarreragatik gertatu zen hori. Hau da, hausturagunea EAJren euskarari buruzko politikarik eza izan zen. Handik aurrera, Txillardegiren joera sezesionismora lerratu zen, euskara «gerorako» uzten zuen EAJren ustezko pragmatismo autonomikoaren aurrean. Orduko Txillardegi intelektual europarrarentzat, bada, utikan erlijioa nahiz abizen etnikoak, borroka kulturala baitzen harentzat abertzaletasunaren ardatza.

Orain, berriz, Mitxelena gogoratzen da eta Txillardegiren ekarria baztertu… (ikus “Axularren galdegiteak eta Materraren ihardespenak edo Mitxelenaren eta Txillardegiren arteko harremanak”, EGAN-2015). Izan ere, oraindik gehiago ikertzeko dagoen Txillardegi eta Mitxelena edo Mitxelena eta Txillardegi bikotea zela-eta, gauza pare bat geratu dira bakarrik argi: biak, sekulako intelektualak izanik, euskal kulturan oinarri bihurtutako euskara batuaren sorreran batera aritu zirela eta, halere, bion gizarte errekonozimendua zeharo asimetrikoa dela egun. Horrela, Mitxelena onartua bezain aitortua den bitartean, Txillardegi aldarrikatzeko dugu oraindik.

Eta asimetria izan zen, hala soziolinguistikan nola politikan, Txillardegiren ikergairik kutunena. Soziolinguistika matematikoan eta kulturen arteko harremanetan anisotropia eta diglosia aztertu zituen, ohiko Ferguson edota Psycharisen ekarpenez harago, hizkuntzen (eta hiztunen) arteko menpekotasuna zer den agerian uzteko.

Orain horren boladan dagoen «Aniztasun linguistikoaren iraunkortasunak» (ikus “Donostia/ San Sebastian 2016, kultur programa”, 12 or.) zer-nolako morrontzak ezkutatzen dituen argi erakutsi zuten Txillardegiren ikerketek. Abagune honetan hori dena ez dago ondo ikusita, noski, ikuspegi «agoniazkoak» gainditu behar baitira. Txillardegik plazaratu zituenean ere, ez ziren aintzat hartuak izan (“Euskal Herritik erdal herrietara”, 1978). Baina, denboraren poderioz, hizkuntzen ezagutzari kasu egitea baino gehiago, erabiltze moduetan eragin beharra dagoela onartzen dugu gehienok ezinbestean.

Herri mugimenduaren bidez (Euskal Herrian Euskaraz) edo hizkuntzaren estatusaren aldeko egiturak bultzatuz (Topaguneak, Kontseilua, eta abar), euskararen corpus erabilgarria eraikitzeko akuilua izatetik, hizkuntza nazionalaren erabileraz arduratuko ziren gizarte erremintak (ikerketak barne) sustatzera igaro zen (hil arte “Bat” soziolinguistika aldizkariaren zuzendaria izan zen). Eusko Jaurlaritzak maite ez duen “Donostia/ San Sebastian 2016ko kultur programa”-n antolaturiko Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bileraren bidetik, hizkuntza berdintasuna zuen helburu, eta ez, inola ere, elebitasun jasangarria.

Egia esanda, Txillardegi ez da inoiz modan egon. Orain ere ez, bistan da, baina ez dago dudarik haren ekarpenik gabe, euskara, euskal kultura (literatura barne) eta politika bera ere askoz menperatuago egongo zirela .

«Alle Menschen werden Brüder, wo dein sanfter Flügel weilt» diosku Schillerren poemak; hau da, «gizaki denon bizikidetza egin dezagun zure hegal goxoak tokia hartzen duenean».

Bistan da ezin dela bakearen eta kulturaren alde aritu gure herrian nori berea eman gabe eta, jakina, Txillardegik ez du errekonozimendurik jaso, ez bere hirian, ez Euskaltzaindian ezta Euskal Herriko Unibertsitatean ere. Ez da zilegi.

Gure aldetik, bada, lerro hauen bidez, harentzako besarkada goxo bezain estua zabaldu nahi dugu.