Pobrezia energetikoari buruzko ikuspuntu desberdinak Gipuzkoan
Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Ahal Duguk aurkeztutako proposamena atzera bota, eta EAJ eta PSEren osoko zuzenketa onartu dute. Udalen eta hornitzaileen arteko hitzarmenak sustatuko dituzte, besteak beste.
Bonu sozial bat sortuz pobrezia energetikoa gainditzea proposatu zuen Ahal Dugu batzarkide taldeak, urgentziaz, Gipuzkoan 38.000 familiak ez dutelako ahalmenik hornidura energetikoaren fakturak ordaintzeko. Estatuan 2008tik %60 igo da argindarraren prezioa; soldatak, ordea, mantendu edo jaitsi egin dira.
Bizikidetza unitateei faktura elektrikoari aurre egin ahal izatea bermatu nahi zien Ahal Duguk bono sozialekin. Baina ideia ez zen aitzinera atera: baiezko botoak 19 izan ziren, ezezkoak 28 eta abstentzio bat egon zen.
Babes handiagoa lortu zuen batzarkideen artean EAJk eta PSEk elkarrekin egindako osoko zuzenketa. Honek ez ditu bonu sozialak aipatzen. Lau puntu ditu eta guztiak onartu zituzten. Lehenik, Batzar Nagusiek Aldundiari eskatzen diote udalekin koordinazio lana gidatzeko.
Bigarrenik, erakunde berari exijitzen diote udalen eta energia hornitzaileen arteko hitzarmenak sustatzeko. Bi puntu hauek, 33 aldeko boto izan zituzten, alderdi guztienak EH Bildurenak izan ezik, honek abstentziora jo baitzuen.
Hirugarren eta laugarren puntuek baiezko 28 boto izan zituzten, EAJ, PP eta PSErenak; kontrako bost, Ahal Dugurenak; eta 16 abstentzio, koalizio abertzalearenak. Horietan, Lakuari eskatzen diote pobrezia honen kontrako neurriak hartzen jarraitzeko (Gurutze Gorriarekin izenpetutako hitzarmena, adibidez) eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzei buruzko 4/2011 Dekretuaren aldaketa garatzea, pobrezia energetikoa sartzeko.
Gerdau Azkoitian, larri
Batzar Nagusiek baztertu egin zuten enpresen deslokalizazioa gaitzetsi eta hainbat neurri hartzeko EH Bilduk aurkeztutako proposamena. «Gerdau enpresak Azkoitia eta Basauriko plantetan daraman politikaren inguruan albiste oso kezkagarriak jasotzen ari gara eta langileak oso egoera larrian daude», ohartarazi zuen koalizio abertzaleak.
Baiezko 22 boto eta ezezko 28 jaso zituen ekimenean, Lakuari exijitzen dio enpresa eta langileen komunikazioa mantendu eta lan baldintzak eta informazioa bermatzeko. Horrez gain, Lakuari eta Aldundiari proposatzen die enpresei emandako laguntzetan baldintza sozialak ezartzea, eta gizarte babeserako euskal esparrua eraikitzea. Horren ordez, hiru lerroko testua onartu zen, EAJren eta PSEren osoko zuzenketa. Hala dio, hitzez hitz: «Batzar Nagusiek euskal sistema instituzionalari eskatzen diote neurriak hartzeko ahalbidetzeko enplegua zein lan baldintzak mantentzeko baldintzak ezartzea, enpresen deslokalizazioa ekiditeko».

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
