Aisialdia eta borroka uztartuko dira Laudioko kaleetan
Ernaik eta Aitzinak elkarlanean antolatuko dute martxoko azken asteburuan Laudion ospatuko den Gazte Danbada topagunea. «Esparru ezberdinetan gazteok autogestioaren alde egiten dugun apustuaren isla izango da Gazte Danbada, aisialdia eta borroka uztartuko dituen jaialdia. Gazteok gazteontzat egindako topalekua. Elkarrekin hausnartu, sortu eta hazteko gunea», adierazi zuten antolatzaileek, «bestelako herri eredu baten aldeko borroka» bultzatu nahi dutela nabarmenduta.
«Egun gazteok bizi dugun egoera prekarioan esna egotea ezinbestekoa da, horregatik esaten dugu ‘Esna harrapa gaitzala’; orain eta bihar gazteok gure lekua izateko, bizitza duina izateko», azpimarratu zuten Laudion eskainitako prentsaurrekoan. Bertan azaldu zituzten Gazte Danbadaren edukiak. «Iraultza gure baitan hasten dela sinesten dugulako, jaialdiaren antolakuntza osoa ahalik eta burujabeena izateko apustu sendoa egingo dugu: bertan kontsumituko ditugun jakiak inguruko nekazarienak izanik, entzungo dugun musikan talde gazteak protagonista izanik, lanean izango garenon zaintzari garrantzia emanez eta gazteon parte-hartzea lehenetsiz», gaineratu zuten.
Izan ere, aurten hiru alor nagusitan izango dira aldaketa sakonak: antolaketan, elikaduran eta musikan. Azken alor honetan «jauzi kualitatiboa eman eta panorama musikala» astinduko dutela iragarri zuten gazteek, «iragan urteko Gazte Martxan egin bezala». «Berrikuntza nagusia izango da izena ematen duen talde orok izango duela Danbadan jotzeko aukera», nabarmendu zuten. Izena emateko epea urtarrilaren 31n amaituko dela ohartarazi zuten. Lehen hamabost taldeek gune handi batean kontzertu osoa eskaintzeko aukera izango dute, bost talde gau bakoitzeko; eta gainerakoek herrian zehar jarriko dituzten gune eta agertoki desberdinetan joko dute. Eta hautatutako hiru taldeek zuzeneko hiru abesti grabatzeko aukera izango dute. Musikari eta gazteek osatutako lantalde batek hautatuko ditu.
Otsailaren 18an iragarriko dute Gazte Danbadaren egitarau osoa. Sarrerak ere egun horretan jarriko dira salgai Euskal Herriko txoko desberdinetan.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
