Jon LEUNDA
Berezkoak

Finalerdietako txartelak banatuko dira Arrangoitzen

Berezkoen Buruz Buruko Txapelketa bere unerik gozoenean sartzera doa, gaur final-laurdenetako bi kanporaketa jokatuko baitira, eta biak ere maila handiko partidak izango dira.

Aurrenekoan, Ducassou eta Amulet lehiatuko dira. Lehenengoa izango da faborito, eta dirua nabarmen izango du alde. Superprestigioko finala galdu zuen abenduko azkeneko igandean, eta txapelketa honetan arantza hori atera nahian dabil.

Amuletek, berriz, galtzeko ez du ezer izango, hori pasatzen bada, normaltasunaren barruan sartuko baita. Presiorik gabe doazen pilotariak beti bihurtzen dira arriskutsuak, eta hori Ducassouk berak ere badaki.

Jarraian, Larralde eta Ezkurra kantxaratuko dira. Hau ere partida handia izatea espero da. Paxkal kanporaketa ona eginda dator partida honetara, eta Larraldek lehen kanporaketa izango du, nahiz eta Superprestigioa irabazi ostean, indar handiarekin agertuko den.

Ezkurrak txapelketa honetan oraindik bere maila ez duela galdu erakutsi nahi du, eta dirua kontra izango duen arren, onenen parean aritzeko gai dela agertu nahi du. Larralde da aditu guztien ustez irabazteko faborito nagusia.