Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Sei artistak Donostiako museo ezberdinei lotutako sormen proiektu bana garatuko dute

Donostiako museo sarea sorkuntza gune bezala aktibatzeko helburuarekin deitu zuen Donostia 2016ek Labore programan parte hartzeko deialdia, eta, ekimenera aurkeztu diren 52 proposamenen artetik sei hautatu dituztela jakinarazi zuen atzo ekimenaren ordezkari Iker Tolosak.

Zehazki, artista bakoitzak Donostiako museo bati lotutako sorkuntza proiektua garatuko du hurrengo astean hasi eta martxoaren erdialdera bitartean dagokion museoan egingo duen egonaldian. «Proiektu hauek sortzaileen eta museoetako bisitarien arteko distantzia murrizteko balioko dute, baita museoen artean dagoen harremana hurbildu eta izaera bateratua osatzen laguntzeko ere», ziurtatu zuen Museum Cemento Rezolako zuzendari Amaia Llorentek.

Sei museo, sei proiektu

Llorentek gidatzen duen museoan sormen proiektua garatuko duena Ainara LeGardon eta Jaime de los Riosek osatutako taldea da. “Caementum” instalazioaren bidez, hormigoiak izan dezakeen gaitasun musikala aztertuko dute. Edu Comelles bartzelonarrak ere soinuarekin jolastuko du Aquarium-erako osatuko duen “Waves” egitasmoan. Honen bidez, kostaldearen, itsasoaren eta bertako ekosistemen soinu paisaiak osatu eta ingurunearen pertzepzio zabalagoa helarazten ahaleginduko da bisitarien interakzioari esker izaera aldakorra izango duen instalazio batean.

Zuhar Iruretagoienak laborategi analitiko eta esperimentala sortuko du San Telmo Museoan. “Absentzia, triangelu gorria, lerro urdina” proiektuaren bidez «iraganari begiratu bat emango diogu, orainari beste ikuspuntu batetik begiratzeko», azaldu zuen artista zarauztarrak.

Nerea de Diego iruindarrak “Bildumaren eszenaratzea” sortuko du Elizbarrutiko Museoan. Horretarako, bere bilduma pertsonaleko erlijioari lotutako irudi, kutun eta estanpak erabiliko ditu. Iñigo Salaberria donostiarrak “Kaia” film dokumentala osatuko du Untzi Museoarentzat. Eta, azkenik, Eduardo Hurtado valladolidarrak Real 100 museoan klubaren harreman kodeak landuko ditu. Proiektuen ibilbidea jarraitzeko, Donostia 2016ko webgunean blog berezi bat ere sortuko dute.