Ahate hazkuntza udara arte etengo dute, hegazti gripeari aurre egiteko
Hegazti gripearen izurritea errotik deuseztatze aldera, hego-mendebaldeko ahate eta antzaren haztegi guztiak husten joateko agindua eman du Nekazaritza Ministerioak. Oraindik nondik norako guztiak ezagutzen ez diren arren, bihartik aurrera aplikatuko den neurriak erreakzio biziak eragin ditu sektorean, galerak handiak izango baitira.

Bihartik goiti ezingo da ahate txita gehiago sartu –ezta sortu ere– haztegietan. Hala deliberatu dute Pariseko agintariek azaroaz geroztik Estatu frantseseko hego-mendebaldeko 69 hegazti-etxalde eta ustiategi –horietako bat Nafarroa Beherean– kolpatu dituen birusa erauzteko.
Hasieran palmipedo guztiak akabatzeko manua ez ote zuen emango beldur ziren sektoreko ekoizleak. Azkenean ez da hala izan baina, haatik, hartutako neurri zorrotzok kezka bizia sortu dute haiengan. Izan ere, gaitza errotik ateratzeko xedearekin, «osasun-hustuketa» egingo da. Huste hori mailakakoa izango da, hau da, ez da hegaztien aldizkatzerik izango. Ahate eta antzarak heldutasunera iristen doazen heinean hilko dituzte eta ez da kume berririk sartuko haiek ordezkatzeko. Hala, hegazti guztien ekoizpen zikloa amaitutakoan, haztegiak hutsik geratuko dira eta orduan instalazio, tresna eta materialen sakoneko desinfekzio eta garbiketari ekingo diote.
Apiril erdialderako hustuketa erabatekoa izan beharko lukeela aurreikusten da. Oraindik ez da zehaztu, ordea, zenbat denbora iraungo duen. Lau eta zortzi aste bitartekoa izatea planteatzen da baina hori sektoreko ordezkarien eta Ministerioko arduradunen artean finkatuko dute datozen egunetan. Udarako jarduera berriz hasteko moduan izatea espero dute, era horretan urte bukaerarako produktuak (foi grasa batez ere) merkaturatuak izateko.
Kate osoa ukituta
Horrekin batera badira garrantzi handiko hainbat gai kolokan daudenak. Esaterako, ustiapena etenda dagoen bitartean kate osoan (txita berotzea, haztea, gizentzea, hiltzea, eraldatzea) izango diren galerei aurre egiteko zein neurri eta laguntza izango diren bai haztegi eta etxaldeetako jabeentzat, eta baita langileentzat ere. Ukituriko hego-mendebaldeko zortzi departamenduetan 4.000 hazleri eta 20.000 langileri eragingo die lan-etenak.
Sektoreko hazle txikiak neurri horien eraginaz mesfidati agertu dira, ez baitago argi gaitzaren jatorria non den. Batik bat haztegi industrialen ekoizpenen esportazioa bermatze aldera hartzen direla uste dute, beste herrialdeek produktuei mugak itxi ez diezaieten, alegia.
Neurriz kanpoko neurriak
Hala uste du ELBk ere. «Neurriz kanpokoak» eta «behar sanitarioei baino, logika komertzialari» erantzuteko hartu direla iritzi dio. «Etxalde txiki eta ertainak berriz ere lanjer handian jartzen dira», salatu du. Ekoizle batzuentzat, sei hilabeteko geldialdia «makur sozial eta ekonomiko larria» dela nabarmendu du, halaber, euskal laborarien sindikatuak.
Neurriak soilik palmipedoei begirakoak dira. Oilo, oilasko eta pintadei ez die eragingo, horiengan gaitza oso erraz sumatzen baita. Horregatik, agertu orduko, normalean haztegi guztiko hegaztiak hiltzen dituzte, Gabadin gertatu bezala (10.000 oilo eta 4.000 ahate akabatu zituzten duela astebete). Aldiz, ahate eta antzaretan ez da hala gertatzen. Gripearen birusa izan dezakete gaitza bera garatu gabe eta, horrenbestez, zaila da oso kutsatuak dauden antzematea. &hTab;
Kriaxera bertako espezie berezia desager ez dadin borroka abiatu dute
Hazkuntzan egingo den etenaldiak izango dituen ondorioen artean, espezie bereziak erabat desagertzeko arriskua dago. Hori gerta dakioke kriaxera ahateari. Desagertzeko zorian zegoen aspaldiko espezie horrekin lan egiten duten hamabi hazle daude Ipar Euskal Herrian, Landetako hegoaldean eta Bearnon.
Jean-Michel Berho da horietako bat. Oso kezkatuta agertu da erreka bazterreko belardietan ezin hobeto hazten den eta gaitzei oso ondo aurre egiten dien bertako ahatearen geroarekin.
«Txitategi bakarra Bidaxunen dago eta ugaltzeko ere ale batzuk ezingo direla gorde diote. Horrek tokiko aniztasun genetikoaren galera izugarria ekarriko» duela azaldu du Domintxaineko hazleak.
Akitaniako Arrazen Kontserbatorioa arriskuaren jakinaren gainean jarri dute dagoeneko. Beste egitura eta eragile batzuk ere ohartarazi dituzte, esaterako, kalitatezko sukaldaritza sustatzen dutenak. «Kriaxera babesteko eginahalak egitera goaz» adierazi du, irmo, Berhok. A.M.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«Quiero que no siga explotando a la gente inmigrante»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
