Ion SALGADO
DIMA

Dimoztarrek erabakitzeko eskubidearekin hitzordua dute ekainaren 19an

Dimako herritarrek zehazteko duten galdeketa batean parte hartuko dute ekainaren 19an. Egun horretan bozkatuko dute Goierriko bizilagunek ere, eta astebete lehenago azpeitiarren txanda izango da.

Ekainaren 19an egingo den herri galdeketa gauzatuko duen elkartea aurkeztu zuen atzo Dimako Gure Esku Dago taldeak. “Alkarregaz Gure Esku Dago” dauka izena sortu berri den elkarteak, eta hiru helburu nagusi ditu: herritarrei interesatzen zaizkien gaiei buruzko hausnarketak egitea, adostasunean eta akordioetan oinarrituz herritarren borondatea gauzatzeko herri galdeketak deitzea eta partaidetza sustatuko duten ekimenak bultzatzea.

«Adin, genero eta sentsibilitate desberdinetako dimoztarrez osatutako elkarte honen bidez, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko prozesuaren oinarri soziala osatu nahi da, orain arteko sarea egituratu, eta herritar guztiak daude parte hartzera gonbidatuta. Ateak irekita daude sortutako batzordeetan aritzeko», azaldu zuten udaletxearen aurrean egindako ekitaldi batean parte hartu zutenek. Hala, datorren hilabeteetan galdera zehatza adostu beharko dute.

Egoitza udaletxetik hurbil ireki dute, elizarako bidean. Han kokatuko dira hautetsontziak ekainaren 19an. Egun horretan Goierriko biztanleek ere bozkatuko dute, eta astebete lehenago, ekainaren 12an, azpeitiarren txanda izango da.