Eskuin muturraren indarkeria aztertuko dute Alemanian
Alemaniako estatu federaletako Justizia ministroek eskuin muturreko indarkeria aztertzeko goi-bilera egingo dute, gero eta maizago gertatzen diren xenofobia delituak eragozteko asmoz. Errefuxiatuentzako abegi zentroen aurkako erasoak dituzte kezka nagusi.
Alemaniako Justizia ministroak, Heiko Maasek, eskuin muturreko taldeen indarkeriaren gaineko goi-bilera egiteko deitu ditu herrialdeko estatu federatu guztietako bere homologoak, indarkeria mota hori gero eta nabarmen eta kezkagarriagoa baita. «Xenofobia delituak eraginkortasun handiagoz eragotzi, azkarrago argitu eta kontsekuenteago zigortzeko era aztertu nahi nuke zuekin», idatzi die Maasek estatu federaletako ministroei bere gonbidapenean, errefuxiatuentzako abegi zentroen aurkako su-erasoak bere kezka nagusia direla agertuta.
Justizia arduradunen bilera hori martxoaren 10ean egingo dute, Renania-Palatinatua, Baden-Wurttemberg eta Saxonia-Anhalt estatuetan izango diren parlamentu-hauteskundeak baino hiru egun lehenago. Baden-Wurttemberg eta Saxonia-Anhalteko hiriburuetan, hain zuzen, xenofobia eta eskuin muturrari arbuioa erakusteko ekitaldiak izan ziren herenegun. Stuttgarten milaka lagunek parte hartu zuten arrazakeriaren aurkako manifestazioan, eta Magdeburgen, hiri horren bonbardaketaren 71. urteurrena eskuin muturraren aurkako ekitaldia bihurtu zen.
Alemaniako Polizia Federal Kriminalak (BKA) uste du, errefuxiatuen aurkako indarkeria gero eta handiagoa dela ikusita, eskuin muturreko «zelula terroristak» sortzen ari direla. BKAko buruak esan zuenez, Poliziak «emaitzen premia bizia du bere ikerketetan eta epaietan, eskuin muturreko delituen dinamika geldiarazteko»; bestela, «txarrenean, egitura terroristak sor litezke», ohartarazi zuen.
«Eskuina borrokatu»
Heiko Maasek, koalizio Gobernuko ministro sozialdemokratak, bestalde, bere alderdia (SPD) egunotan Nauenen egiten ari den konbentzioan “Demokrazia indartu: eskuina borrokatu” dokumentua aurkezteko asmoa zuen. Herrialdea 12.000 polizia gehiagoz, baita fiskal gehiagoz ere, hornitzeko proposamena jasotzen du Maasen dokumentuak. Halaber, eskuin muturreko indarkeriaren aurkako borroka jardun nagusi izango duten fiskaltzak sortzea, muturreko oinarria duten delituen gaineko estatistikak hobetzea eta «kartzeletako erradikalizazioari» aurre egitea ere proposatzen du.
Eskuin muturraren jardun xenofoboa ez da arazo hutsala, eta errefuxiatuen krisia aitzakia ezin hobea du; beraz, badute zer aztertu, Alemanian eta Europa osoan.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
