GARA
ARRASATE

Aldarrikatzen dituen balioak praktikan jartzeko eskatu diote kooperatibismoari

Ordainduk manifestazioa egin zuen atzo Arrasaten, Mondragon korporazioari zor dizkion 47,8 milioi euroak bueltatzeko exijitzeko. Eskuratu-rekin batera, 950 pertsonak Mondragoni zuzendutako demanda aurkeztu dutela jakinarazi zuen elkarteak.

«Justizia lortzeko» helburu berarekin, eta Fagorren kontratu iraunkorra egin ez dieten lagunei elkartasuna adieraziz, mobilizatzen eta instituzioekin elkarrizketak izaten jarraitzen dute Ordainduko kideek. Atzo, adibidez, Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin biltzeko asmoa zuten, arazoa konpontzeko babesa eskatzeko.

Iluntzean, jende puska elkartu zen Arrasateko manifestazioan, kaltetutako jendea, bai eta lagundu nahi duena ere.

Badira tresnak alternatibarako

Mobilizazio honetan salatu zuten Arrasate Gipuzkoan langabezia tasa altuenetakoa duen herria dela jakin dutela egunotan; %14,2ko tasa du, hain zuzen. «Fagorreko jendeari lana eman zaiola diotenek kasu egin beharko liokete datuari eta kooperatiba martxan zegoen garaikoarekin konparatu», azaldu zuten.

«Kooperatibismoak baditu tresnak jendartearentzat gauza hobeak egiteko. Bizi baldintzak hobetzeko enbrioi izan daitezkeen enpresak ditu. Baditu tresnak alternatiba izateko», baieztatu zuten. «Baina horretarako aldarrikatzen dituzten balioak martxan jarri behar ditu».

Volkswageneko akziodun pribatuak taldearen kontrako kereila prestatzen ari dira, informazioa ezkutatzeko delitua egin duelakoan. «Fagor Etxetresnetan ez al zen delitu bera egin? Larrigarri batekin: informazioa bazkideei ezkutatu zitzaien, kooperatiba batean», deitoratu zuten.