Baga, elkarbizitza; biga, elkarrizketa; higa, kultura... Enigma, larunbatera arte
Ezer gutxi aurreratu du Donostia 2016k larunbatean Europako Kultura Hiriburutza abiatzeko antolatu duen ikuskizunari buruz. Hansel Cereza diseinatzailearen hitzetan, ekitaldi hunkigarria izango da eta hiritarrek berek eramango dute burura. 50.000 lagunen etorrera espero da eta garraio publikoa erabiltzeko gomendioa zabaldu dute.

Larunbata egun seinalatua izango da Donostiako Hiriburutzaren egutegian, ofizialki orduan emango baitzaio hasiera 2016rako prestatutako proiektuari. Goizeko 10.00etan hasi eta igande goizaldera arte, hamarka dira Hiriburutzak antolatutako ekimenak. «Kultura sustatuko dugu elkarbizitzarako», esan zuen atzo Kultura zuzendari Xabier Payak. Nolanahi ere, hitzordu nagusia iluntzeko 20.00etan egingo den ekitaldia izango da. Urtebeteko ibilbidearen hasierako irteera puntu nagusi izango baita. Hala eta guztiz ere, ezer gutxi esan daiteke larunbatean Maria Kristina zubian eta bere bi aldeetan jazoko denaren gainean.
Hansel Cereza diseinatzaile eta eszenografo kataluniarrak –La Fura dels Baus taldearen sortzaileetako bat– sortutako ekimen artistikoa izango da eta antolatzaileek 50.000 lagun ingururen babesa jasotzea espero dute. Baina mamiaz ez da datu askorik argitara eman. Ikuskizun parte hartzailea izango da, izaera kolektibokoa. Duela urtebete abian jarri ziren lau talderen bitartez garatu da ekimena eta hiritarrak beraiek izango dira larunbateko hitzordua gorpuztuko dutenak. Berrogeita hamar elkarte eta talde baino gehiagoren parte hartzea izango du ikuskizunak; ia 1.000 la gunen inplikazioa du. Badira tartean herri kirolak, koruak, konpartsak... Entseguak, abendu hasieran abiatu ziren, baina enigma edo sekretua larunbatera arte gorderik mantendu nahi du Hiriburutzak. Parte hartzaileek beraiek ere ez dakite osorik nolakoa izango den ikuskizuna; talde bakoitzak zati bat baino ez du ezagutzen. Eta atzo komunikabideen aurrean ere ez zuten berebiziko azalpenik eman. «Elkarbizitza, aniztasuna, elkarrizketa... Zubi bat eraikiko dugu, baina ez dugu esango nola egingo dugun», adierazi zuen Cerezak.
Giza faktorea
Hansel Cerezak ibilbide oparoa du sormen artistikoaren munduan. La Fura dels Baus talde kataluniarraren sortzaileetariko bat da eta badu eskarmenturik inaugurazio ekitaldien diseinuan. 1992. urtean Bartzelonan egin ziren Olinpiar Jokoen hasiera ikuskizuneko zuzendaria izan zen. Orain, Hiriburutza abiaraztea egokitu zaio. «Erakusleiho handi bat da hau; munduari zabaldutako leiho bat», ohartarazi zuen atzo Tabakalerako prisman egindako aurkezpenean.
Sortzaileak ez du bere burua ikuskizuneko protagonista gisa ikusten, ordea. «Nik erremintak jartzen ditut hiritarrak izan daitezen Hiriburutza abiaraziko dutenak». Orotara, ordubeteko iraupena izango du ikuskizunak, bi zatitan banatuta. «Bigarrena ludikoagoa izango da», jakinarazi zuen. Plazaratutako datu eskasen artean, Cerezak aipatu zuenez, indar emozional handikoa izango da larunbateko hitzordua. Diseinua egiteko orduan «hiria sentitzen eta ulertzen» saiatu dela ohartarazi zuen eta «hain errotuak» dauden ohiturak txertatzen ahalegindu da. «Katalunian caste llersak egiten ditugu. Hemen, adibidez, 200 kiloko harriak altxatzen dira edo enborrak mozten. Batzuetan, gauzak ulertzea alferrikakoa da; horrela dira eta ez dago besterik», esan zuen Cerezak.
Bartzelonan 1992an ikasitako gauza garrantzitsu bati buruz ere mintzatu zen; «giza faktorea». «Boluntario sareak DNA propioa eman zion Bartzelonari. Inaugurazio bakoitzak du bere DNA. Egun berean jaio eta hiltzen dira eta horregatik dira hain bereziak halako bizipenak».
«Apustu arriskutsu bat egin nuen, baina azken emaitza oso aberatsa izango da». Interpretazioaren alorra %100ean hiritarren esku geratuko da. «Donostiarrek egingo dute zeremonia». Alta, «hasieratik amaierara ekitaldi hunkigarria» izango dela nabarmendu zuen.
Hiriburutzak 50.000 lagunen etorrera aurreikusten du. Mundaiz eta Santa Katalinako zubietatik eta Maria Kristina zubiaren bi aldeetatik ikusi ahal izango da hasiera ekitaldia. Jendetza batzea espero dute, nahiz eta bertaratzen direnek ez duten deus jakingo etorriko denaz –ezta guk geuk ere–. «Ez da Hansel Cereza izango inaugurazioa egingo duena. Nik tresnak jarriko ditut, eta gainerakoa herritarrek egingo dute».
Aurreikus daitekeenaren arabera, Euskal Herriko ohitura eta tradizioak irudikatuko dira ikuskizunean eta euskal kantutegian garrantzia izan duten konposizioak ere baliatuko dira ekitaldian zehar.
Hanselek berak aipatu zuenez, Mikel Laboaren “Baga, biga, higa” kantua izango da ikuskizunaren momenturik gorena eta publikoaren parte hartzea eskatuko da une horretan kantuan lagun dezan. 50.000 esku-paper banatuko dira abestiaren letrarekin. Hortik aurrera, misterioa baino ez da oraindik larunbatean etorriko dena.
Egunerako datu eta zerbitzuak
San Sebastian bezperako danborradarekin abiatu ziren Donostia 2016ko inaugurazio ekitaldiak. Asteazkenetik igandera bitartean, guztira 80 dira aurreikusitako hitzorduak –http: //dss2016.eu web orrian daude ikusgai–, baina, zalantzarik gabe, larunbatekoa izango da zita guztietan nagusia.
Maria Kristina zubiaren inguruetan ibiltzeko aukera duen edonor ohartuko da handia izango dela egunerako abian jarriko den plangintza teknikoa. Zubia, oraingoz oinezkoentzat zabalik badago ere, kablez, pantailaz eta hamaika tresna elektronikoz josita dago larunbaterako guztia prest egon dadin. Kontuan izan behar da Hiriburutzak 50.000 lagunen parte hartzea aurreikusten duela eta guztiek izango dutela ikuskizunaz gozatzeko aukera leku desberdinetatik, ateri egon ala euria egin. 300 boluntario baino gehiago ariko dira lanean eta mugikortasun mugatua duten lagunentzat inguru berezi bat egokituko da. Horrez gain, Nerea Garcia parte hartze zuzendariak jakinarazi zuenez, telefono zenbaki bat ere eskuragarri jarri da hiritarrentzat, behar fisiko bereziak dituztenek bertara deitu eta laguntza izan dezaten (673 161 717).
Jendetzaren aurreikuspenak garraio publikoan zerbitzuak areagotzea ekarri duela ere esan zuen. Euskotrenek eta Renfek eskaintza ugarituko dute eta Dbus autobus zerbitzuetan ere handiagoa izango da zerbitzua, batez ere 20tik 24ra doazen lineetan.
Nolanahi ere, Donostiako erdialdea izanik, trafikoa hainbat lekutan etenda egongo da. Maria Kristina zubia bera itxita dago autoentzat asteazkenetik eta halaxe mantenduko da igandera arte. Larunbatean, mozketa nagusiek Gernikako Arbola eta Foruen pasealekuetan eragingo dute, baita Valentin Olano kalean ere. Horiek itxita egongo dira arratsaldeko 17.00etatik gaueko 22.00etara.
Bost ordu horietan lur azpiko Egiarako sarbidea ere etenda egongo da. Erdigunera garraio publikoaren bitartez soilik sartu ahal izango da larunbatean. Donostiako Udalak unibertsitate inguruko eta Illunbetik Poliklinikara doan errepideko aparkalekuak erabiltzeko eskaera egin du, 1.250 eta 2.000 toki utziko baitira doan.
Ikuskizuna Mundaiz eta Santa Katalinako zubietatik ere ikusi ahal izango da; hartara, Udalak adierazi die herritarrei ez dela beharrezkoa izango Maria Kristina zubiraino gerturatzea. Horrez gain, lau pantaila ezarriko dira Urumea ibaiaren bi aldeetan. 20.00etik 20.30era kaleko argiak itzaliko dira eta inguruetako bizilagunei ere etxeko argiekin gauza bera egiteko eskatu diete. Larrialdi zerbitzuak ere lanean ariko dira larunbatean eta Ertzaintzako, Babes Zibileko, Suhiltzaileetako, Gurutze Gorriko, DYAko eta Udaltzaingoko kideek zaintza berezirako plana jarriko dute abian.
Inaugurazio ekitaldira joan ezin dutenek zuzenean telebista bidez jarraitu ahal izango dute Donostian gertatzen ari dena TVEk eta ETBk egingo dituzten emanaldien bitartez.
Guztia prest, beraz, larun batean ofizialki abiatuko den Hiriburutzarako. Ezin jakin zer gertatuko den, baina aurreikuspenen arabera, jendetza batzea espero da.
Herri kulturen aldeko brindisa deitu dute Donostiako Piratek larunbaterako
Donostiako Piratek herri kulturen aldeko brindisa egingo dute datorren larunbatean, Donostiako Kultura Hiriburutzaren inaugurazio ekitaldia hasi aurretik. Hitzordua arratsaldeko 18.00etan ezarri dute Bulebarrean eta Donostiako norbanako, elkarte eta mugimenduei bertaratzeko gonbidapena egin diete.
Mugimenduak onartzen du Kultura Hiriburutzak badituela bere bertuteak eta asko direla egitarau ofizialaren baitan erakargarri eta interesgarri zaizkien ekitaldiak. «Horietako asko bat datoz erabat Donostiako Piratak mugimenduaren balioekin, gauzak egiteko manerarekin», adierazi dute ohar batean.
Nolanahi ere, ikusten dituzte halaber kritikarako arrazoiak proiektuaren beraren orokortasunean. Kulturarena bera da horietako bat. «Ezin dugu kulturaz edo kulturez hitz egin boterearen aldagaia kontuan izan gabe. Azken hilabeteotan Donostian jazotako hainbat gertakarik, Kortxoenea Gaztetxearen eraisketak kasu, agerian utzi dute kulturaren gaineko diskurtso bertutetsu eta neutroak ezkutatzen zuen azpijokoa», nabarmendu dute.
Identitatearen alorra ere ezbaian jarri dute, kontuan izanda Hiriburutzak identitate kultural europarra sustatzea duela bere helburuen artean. «Zein kultur identitatez ari gara, baina? Zein Europaz? Ceuta eta Melillan migratzaile eta errefuxiatuak igaro ez daitezen burdin-hariak jartzen dituen horretaz?», galdetzen dute.
Halaber, kultura eta ekonomiaren arteko binomioaz ere badute zeresanik. «Kultura kapitala erakartzeko tresna bilakatu da». Beraien iritziz, kapitala homogeneizatzailea da eta kapitalak hirian inbertitu ahala berezitasuna desagertzen da, hiriek berez duten kultur ekologia edo kultur aniztasuna ezabatuz. Kapitalaren inbertsioak gentrifikazioa eragiten duela defendatu dute, hots, bizi maila ekonomikoaren igoera alor desberdinetan eta horrek hiritarrengan duen eraginaz ohartarazi dute. «Ez ote da Europako Kultur Hiriburua donostiarrok eguneroko zama ahaztu eta hiriaren balizko ontasunean horditzeko aitzakia aparta?», bota dute kezka gisa. Hartara, urtean zehar hainbat ekintza egingo dituztela iragarri dute Donostiako Piratek, kulturen arteko harremanei buruzko gogoeta sustatuz eta hiriko kultur eta gizarte eragileekin aukerak eta harremanak sendotzeko lan eginez. A.K.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
