GARA
DONOSTIA

Susperraldian desberdintasun sozialak areagotu egin direla salatu du ELAk

Hego Euskal Herriko langabezia tasa Europar Batasunekoa baino lau puntu handiagoa dela (%13,7), langabeen %59k ez dutela inolako laguntzarik jasotzen eta gazteen langabezia tasa EBko batez bestekoaren bikoitza dela diote ELA sindikatuak aurkeztutako datuek.

Adolfo “Txiki” Muñoz ELA sindikatuko idazkari nagusiak, Mikel Noval gizarte arloko arduradunak eta Iñaki Salaberria ikerketa kabineteko kideak Enpleguari Buruzko Txostena aurkeztu zuten atzo, Donostian, Hego Euskal Herriko 2015eko hirugarren hiruhilekoko datuak azaltzeko.

Biztanleria Aktiboaren Inkestako datuez baliatuz, azken urtean enpleguak gora egin duela azaldu dute: 2014ko hirugarren hiruhilekoan langabezia tasa %15,2koa zen eta iazko denbora-tarte berekoa %13,7koa. Guztira, 193.000 langabe inguru daude gaur-gaurkoz, aurreko hiruhilekoan baino 21.200 gutxiago.

Hala ere, dominak jartzeko motiborik ez dagoela azpimarratu dute. Izan ere, Hego Euskal Herriko langabezia tasa hori Europar Batasuneko «altuenetakoa da», batez bestekoa baino lau puntu handiagoa (%10,4 da EBkoa), eta Ziprek (%15), Kroaziak (%15,6), Estatu espainolak (%21,3) eta Greziak (%24,2) besterik ez dute gainditzen tasa hori (grafikoan ikus daiteke).

Hori gutxi balitz, lanik gabe daudenen %60k urtebetetik gora daramate lanik topatu ezinik, langabeen %59k ez dute inolako laguntzarik jasotzen, eta gazteen egoera are makalagoa dela nabarmendu dute: EBko batez bestekoaren (%19,9) ia bikoitza da Hego Euskal Herriko gazteen langabezia tasa (%39,2).

Behin-behinekotasun tasari dagokionez, soldatapeko langileen laurdenek (%25,1) epe baterako lan kontratua dutela aipatu du ELAk, Europako hirugarren maila altuena izanik. Beste era batean esanda, lau langiletik batek aldi baterako kontratua du, EBko batez bestekoa zazpitik batekoa (%14,8) denean.

Hemengo gutxieneko soldata, gainera, pobrezia mailaren azpitik dago. Hileko gutxieneko soldata 764,40 eurokoa izatea ez du askitzat jotzen ELAk, «ez duelako islatzen ustez dugun aberastasuna: BPG barne produktu gordinaren %31,3 besterik ez da; Europan BPGaren %37,7koa da; azkeneko postuetan gaude». Hala ere, horri buelta ematea posible ikusten du sindikatuak: «Tarte handia dago gutxieneko soldata justuago bat izateko».

Desberdintasun sozialak

Hori guztia dela-eta, sorturiko enplegua «gero eta prekarioagoa dela» salatu du sindikatuak. «Hazkunde ekonomikoaren kontura desberdintasun sozialak eta prekarietatea areagotu dira», aipatu dute. Gainera, datu horiek Confebask patronalaren eta Lakuako Gobernuaren arteko «estrategia bateratuaren» ondorio direla azpimarratu eta sindikatuak enpresetatik at nahi dituztela salatu du ELAk.