UEMAk badu aurten zer ospatu: 25. urteurrena eta 80 kide izatera helduko dela
UEMAko kideek batzar nagusia egin zuten atzo, eta 25. urtemuga ospatuko duen urte honetan 80 kide izatera helduko direla iragarri zuten.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 25 urte beteko ditu heldu den maiatzean, eta modu egokian ospatuko du urteurrena; izan ere, 2016a amaitzerako 80 udalerri hartuko ditu bere barnean. Josu Labaka lehendakariak eman zuen datua, atzo Zarautzen egindako Batzar Nagusiaren osteko agerraldian.
Egungo Zuzendaritza Batzordearen lehenengo Batzarra izan zen atzokoa –urrian izendatu zuten–, eta bertan zera adierazi zuen Labakak: «Karguak hartu eta berehala esan genuen, ezberdintasunen gainetik, euskararen inguruan eta hizkuntza eskubideen defentsan oinarrizko kontuetan ados jarri eta euskararen normalizazioan esateko eta egiteko asko dugula udalerri euskaldunok, euskararen arnasguneak garen heinean». «Horretan aritu gara hilabete hauetan. Sentsibilizazio ezberdinetako kideok elkarrekin eseri eta lehentasunak finkatzen. Orain, aurrera egiteko adostasunarekin, badugu zeregina agintaldi honetan», gaineratu zuen.
Agintaldi hau UEMA sendotzeko eta ildoak finkatzeko giltzarria izango dela nabarmendu zuen lehendakariak: «Hurrengo lau urteotako plana osatu dugu, eta hori urtez urte aletu, erabateko adostasunez. Lau urteotako plan horren berri eman diogu gaurko batzar nagusiari, eta plan horren baitan, baita 2016 honetarako lehentasunak eta helburuak finkatu ere». 25 urteko jardunean UEMAk euskarari egin dion ekarpena ere gogoratu nahi izan zuen Labakak: «25 urtean, egundoko ekarpena egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Hamazazpi udalek sortu zuten duela 25 urte, eta egunez egun, euskaraz eskubide osoz bizitzeko hautua egin duten udalak gehituz eta gehituz joan dira. 73 udalek osatzen dute gaur egun UEMA, eta aurreratu dezakegu, aurten, urtea bukatzerako, 80 bat izango garela. Gero eta gehiago baitira euskarari eusteko eta euskara babesteko arnasguneen sare honetara gehitzeko asmoa agertzen ari zaizkigun udalak».
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
