Maider IANTZI
DONOSTIA

Madrilek ez duela Euroituna betetzeko interesik frogatu da

Euroituna abian jarri zenetik hamabost urte eta lau ebaluazio igaro ondotik, Europako Kontseiluak Estatu espainolari egiten dizkion gomendioak errepikatu egiten dira, batzuetan hitzez hitz. Kontseiluaren eta Behatokiaren ustez, horrek, Estatuak konpromisoak betetzeko «interesik» ez duela erakusteaz gain, itunaren balioa gutxiesten du.

Estatu espainolak Erregio eta Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna zenbateraino bete duen ebaluatu du Europako Kontseiluak, 2010etik 2013ra arteko epean. Estatu espainolari egindako gomendioek Behatokiaren diagnosia «goitik behera» berresten dutela adierazi zuten Behatokiak eta Kontseiluak balorazioa egiteko elkarrekin eman zuten prentsaurrekoan.

Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak zehaztu zuenez, gomendio horietako bi justiziaren eremukoak dira. Egiturazko arazoak daudela-eta «Estatuari espresuki eskatzen dio marko juridikoa aldatzea, baita justizia administrazioan hizkuntza ezagutzen duen langile proportzio egokia izateko neurri legal eta praktikoak hartzea ere». Legea aldatzea behin eta berriro ematen den gomendio berezitua izatea azpimarratu zuen Petriatik.

Errepikatzen den bertze eskari bat zerbitzu publikoetan, bereziki osasunean, hizkuntza koofizialen presentzia bermatzearena da. Behatokiak etengabe jasotzen ditu zerbitzu hau euskaraz jaso nahi eta ezin duten herritarren testigantzak.

Europako Kontseiluak propio aipatu ditu justizia, segurtasun, osasungintza eta gizarte gaietan euskaraz dakiten langile gutxi izateak sortzen dituen arazoak. Konstatazio hori ere bat dator Behatokiaren ondorioekin: «Administrazio publikoan lan egingo duten pertsonek euskaraz ez jakiteak kaltea dakarkio hizkuntza eskubideen bermeari».

Lomce eta PAI

Hezkuntzaren arloan, hezkuntza hirueleduna tokiko hizkuntzen babes eta sustapenaren kalterako ez izatea gomendatzen du Europako Kontseiluak. Honekin lotuta, Nafarroako egoera oroitu zuen Behatokiko zuzendariak, «euskara zokoratzen den bitartean ingelesezko programak inposatu» baitzituen Yolanda Barcinaren Gobernuak.

Lomceri dagokionez, Europako Adituen Batzordeak «tentuz ibili behar» dela ohartarazi du, «eredu horrek eta gaztelania indartu nahi izateak erregio edo gutxiengoen hizkuntzen hezkuntzari ez eragiteko».

Finean, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu zuenez, Europako Kontseiluaren ebaluazioak berresten du Estatu espainola «oso urrun» dagoela Itunean hartu zituen konpromisoak betetzetik.

Petriatik eta biek erantsi zuten «praktikan» jokaera honek ez duela ondoriorik Estatuarentzat. «Badirudi oinarrizko eskubideak ez betetzeak, herritarrei zuzenean egunero eraginez, ez daukala hainbeste garrantzi». Baina eurek Europako Kontseiluari ekarpenak egiten segituko dute, iruditzen zaielako jakin behar duela hizkuntz eskubideei dagokienez Estatuak «ze axolagabekeriaz» jokatzen duen.