Azken urteotako eraikuntza iruzurrik handiena epaiaren zain geratu da Baionan
Maiatzaren 9an esango du epaitegiak 2009an «aitzindari eta berritzaile» gisa saldu zuten Plantoun auzo ekologikoaren eraikuntzan izandako iruzurra nork ordaindu beharko duen. Astelehenean egin zen bista.

Batetik, kaltetuak, Baionako Plantoun auzoko 39 etxeen jabe gehienak, hiru salaketa taldetan antolatuak. Bestetik, «lardaskaren» arduradunak: egitasmoaren sustatzaile Habitat Sud Atlantic erakunde publikoa, eta batez ere, berau diseinatzen eta gauzatzen aritutako enpresak: Bernard Buhler arkitektoa, 3B diseinu enpresa, Satob zurezko egitura sozietatea eta jada desegindako Sechaud Batiment. Horiek jo zituen epaitegiak 2012an eskatutako adituen txostenak etxebizitzetan antzemandako huts larrien arduradun. Aferaren tamainaren erakusgarri aretoko abokatu kopurua: dozena baino gehiago.
Etxejabe gehienek auzoa berreraikitzeko eskatu zuten eta kalte-ordain ezberdinak. Bakan batzuek, garaiko erosketa baliogabetzea. Hauexek dute aukerarik gutxien, haien galdean forma akatsa iradoki baitzuen Myriam Laloubere epaimahaiburuak. Enpresa salatuek, beren aldetik, kalte-ordainik ez onartzeko eskatu zuten eta akatsak besteen ardura izan zirela frogatzen egin zuten indar.
Detroyat kabinetearen aditu txostenak berreraikuntzaren kostua zenbatua du: 8 milioi euro. Auzo ekologikoa bere garaian 6,6 milioi euro kosta zen.
Adituen txosten horrek akatsetan %20ko ardura aitortu dion Buhler arkitektoak Satob enpresari «aginduak bete ez izana» leporatu zion eta «aurrekontuetan adierazi baino material kaskarragoa» jartzea. Azken honek, Satobek alegia, arkitektoari eta 3D enpresa diseinatzaileari hartu zien kargu, «kontzepzio ezegokitik» datozelako arazo larrienak. 3D enpresarentzat, bestetik, isolamenduan datza arazo nagusia eta hor haiek ez dute zerikusirik izan.
Maiatzaren 9rako iragarri zuen Baionako Instantzia Handiko Epaitegiak ebazpena. Hor argituko da Plantoun-go «lardaska» nork ordainduko duen.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
