GARA
WASHINGTON

Gazteen espetxeetan adingabeak bakartzea debekatu egin du Obamak

Ziegan bakartzeko zehapenaren inguruko neurri berriak iragarri ditu AEBetako Gobernuak. Hemendik aurrera debekatuta egongo da adingabe presoak bakartzea. Adituek diote 10.000 lagunek eskertuko dutela Chicagoko politikariak agindutako neurria.

AEBetako presidente beltzak berak iragarri zuen erabakia, “The Washington Post” egunkarian argitara eman zuen artikulu baten bitartez. Barack Obamak azaldu du kartzeletan preso dauden 10.000 lagun inguruk eskertuko dutela neurria, hori baita erabat bakartuta egotera behartuta dauden adingabeen kopurua, gutxi gorabehera.

«Justizia Departamenduak dagoeneko bukatu du bere berrikusketa eta espetxe federalen sistema erreformatzeko bere gomendioak hartzen hasia naiz. Gazteak bakartuta egotera behartzea debekatuta geratzen da», esan zuen agintariak.

Obamak berak iazko udan eskatu zion Loretta E. Lynch fiskal nagusiari AEBetako espetxeetan zigor mota hori gehiegi erabiltzen ote den aztertzeko. Gauza bera eskatu zion Justizia Departamentuari.

Agintariak esplikatu izan du presoen isolamenduak kalte psikologiko larriak eragiten dituela. Gaur egun 25.000 preso inguru daude bakartuta AEBetan, eta horietako 10.000 inguru adingabeak dira. Izan ere, bakartuta dauden presoek hilabete asko egiten dituzte, urteak kasu batzuetan, ziega txikietan sartuta, eta beste gizakiekin inolako harremanik izan gabe.

Obamaren testuak eransten du egoera horretan horrenbeste denbora egoteak «depresioak, eromena, besteekin harremanak izateko gaitasunaren murrizketa, jarrera biolentoak hartzeko aukera gehiago izatea eta suizidioak eragiten dituela».

Presidenteak gogorarazten du isolatzeko zigorra ezartzen zaiela preso guztiei, baita indarkeriarik gabeko delituak leporatuta «zigor luzeegiak» ezartzen zaizkien adingabeei ere.

Orain bost urte, espetxe ikuskatzaileek egindako kalkuluen arabera, preso zeuden adingabeek 229.000 ordu egin zituzten bakartuta, oso ziega txikietan, argirik gabe, aireztapenik gabe eta inorekin komunikatzeko aukerarik gabe, Univision telebista kateak gogorarazi duenez.

«Neurri horren efektuak ezagututa, nola ezar diezaiekegu beharrezkoa ez den isolamendua presoei, eta gero gure komunitateetara pertsona osoak bezala itzultzea nahi izan? Neurri horrek geure gizatasuna iraintzen du», Barack Obamak idatzi duenez.