Jantokien esleipenetik kanpo geratu ostean, greban da Gastronomia Baska
EAEko eskola publikoetako jantokien esleipenetik kanpo gelditu da orain arte zerbitzu hori eskaintzen zuen Gastronomia Baska enpresa. Esleipena lortu duten enpresek begiraleak subrogatuko dituzte, horien lanpostuak mantenduz; ez, ordea, sukalde zentraleko langileak.

Gastronomia Baska enpresako sukalde zentraleko langileak greban daude atzotik ostiralera bitartean, ELA eta LAB sindikatuek deituta. EAEko ikastetxe publikoetako jantokien azkeneko esleipenetik kanpo gelditu da Mungiako enpresa eta, ondorioz, sukalde zentraletako langileen, hau da, menuak prestatu, banatu, gainbegiratu eta kudeatzen dituztenen lanpostuak kolokan daude. Ikastetxeetako jantokietan ez ezik, adinekoen egoitzetan, enpresetan eta ekitaldietan ere catering zerbitzua eskaintzen du.
Orain arte Gastronomia Baskako langileak ziren begiraleak otsailaren 1etik aurrera zerbitzu hau eskainiko duten enpresek subrogatuko dituzte, hala ezartzen baitu begiraleen lan baldintzak jasotzen dituen hitzarmenak eta jantokien esleipenerako Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak argitaratutako baldintza- agiriak. Guztira, 709 izango dira subrogatutako begiraleak.
ELA eta LAB sindikatuek ohartarazi zutenez, ikastetxeetan bertan jarduten diren langileak (kasu honetan begiraleak) soilik subrogatzeak Gastronomia Baskako sukalde zentraletako lanpostuen %50 inguru suntsitzea ekarriko du, enplegua erregulatzeko espediente baten bitartez. Egoera horren aurrean, «erantzukizunez» jokatzeko eskatzen diote Gasteizko Gobernuari, subrogazio eskubidea langile guztiengana hedatzeko.
Egun hauetako grebaren ondorioz, Gastronomia Baskak kudeatutako jantokietan ez da menurik izango. Hala, atzo hainbat ikastetxetan ikasleek etxetik prestatuta eraman zuten bazkaria eta, begiraleak lanean zirenez, jantokian jateko aukera izan zuten. Lakuak azaldu duenez, Gastronomia Baskako langileek abiatutako grebak EAEko 501 jantoki publikoetatik 44tan izan dezake eragina eta kaltetutako erabiltzaileak %8,4 inguru izango dira.
Baldintza-agiriaren onarpena
Hezkuntza Sailak, bere aldetik, prentsa ohar bat argitaratu zuen astelehenean grebaren harira, eta ELA eta LAB sindikatuak kontratazio sistema berriaren jakitun zirela eta orain arte ez direla kontra agertu adierazten du bertan.
2015eko maiatzean aldatu zuen Lakuako Gobernuak jantoki zerbitzua kontratatzeko sistema, loteak 10etik 18ra pasatuz, tamaina eta kaudimen ekonomiko ezberdina duten enpresek parte hartu ahal izateko.
Cristina Uriartek zuzentzen duen sailak azaldu zuenez, «lehiaketaren oinarriak prozesuaren hasieran argitu ziren eta informazio horretan dagoeneko agertzen zen zein lanpostu izango ziren subrogatuak eta zein lanpostuk ez zuten aukera hori izango. Greba deialdia egin duten sindikatuek ez dute inolako desadostasunik agertu orain arte. Urtebete baino gehiago izan dute oinarri horien aldaketa eskatzeko, baina ez diote halako eskaerarik egin Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari», nabarmendu zuen.
Gastronomia Baskari dagokionez, enpresa horrekin lan egiten zuten 709 begiraleek lanean jarraituko dutela gogorarazi zuen, baina argitu zuen zerbitzuaren esleipena lortu duten enpresa berriek ezin dituztela beren gain hartu Gastronomia Baskako sukaldeko eta garraio zerbitzuko langile guztiak, «beren plantilla propioa dutelako».

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
