G. M ZUBIARRAIN
BAIONA

Etxeen prezioa 2010ekoa izateak gazte batzuei atea ireki diela dio Fnaim-ek

Ipar Euskal Herriko higiezin agentzien %60 ordezkatzen dituen Fnaim elkarteak, atzo burutu zuen urteko batzar nagusiaren atarian, higiezinen merkatuaren 2015eko bilana eta aurtengoaren aurreikuspenak ezagutarazi zituen. «Banku tasa apalak eta prezioen beherako joera» akuilu, etxebizitzen salmentak 2015ean «susperraldi argia» izan duela erran zuen Vincent Poulou presidenteak, «%10 hazi baita».

Baionako merkatua gertutik ezagutzen duen Helene Lassus administratzaileak baieztatu zuen prezioak 2010. urtekoen parekoak direla egun eta horrek berriro ere aukera eman diola bertako hainbat gazteri hirian bertan etxea erosteko, «azken lau bost urteetan ikusten ez genuena».

Zuberoan metro koadroa 700-800 euroan dabilela eta Amikuze aldean %20 garestiagoa dela esan zuten. Garazi inguruan, berriz, 1.000 euro inguruan ei dabil. Oso bestelakoa da kostaldeko egoera; metro koadroa 8.000-10.000 euroren bueltan dabilela jakinarazi zuten.