Hondartzako harea, lekuko
Hondartza. Bera da gaurko munduen ondoeza, kontraesana eta kontra-egina, ondoen erakusten duena; harea gizajoak horretan errurik ez badu ere. Zelan errua izango, handik diren guztiek, norako batean zein bestean, zapaldu egiten badute? Tira, harira! Hondartza dute askok udako helburu, hamaika hilabeteko nekea, lanarena edo lan eskearena, astintzeko leku. Kosta ahala kosta hara heldu, aparkatu, trasteak eskupean kilometroa egin, harea zapaldu, toalla zabaltzen saiatu … uretara! Olatuak dakartzaten urak. Neguan dute beste askok hondartza helburu, kontrako norakoan. Lagun hauek ez datoz hilabetetako nekea astintzeko asmotan, urtetako miseriatik ihesean baino, pobrezia tarteko helmuga behingoz hartu nahian. Kosta ahala kosta hurbildu, txalupa hondartu, eskupe huts igerian itolarri, toallarik ez… lehorretara! Hondartza honetan urek olatuak ekarri ere, jakina, baina aparretik aparte gorpuzki txikerrak ere, bere osoan hilotz. Amen edo, harean beude! Ura bizigaia dela esango digute, Uraren Eguna helduta, eguneroko hondartzan jende asko itota heltzen dela ezkutatuz. Ez da gazitasun kontua, gizatasun kontua da. Nazka.
Aldaketa behar bai, sakonekoa, han, hor eta hemen. Sarri esaten da aldaketarena, gobernuak osatzeko dantza nahasian ere. Hiztegiak laguntzen du nahasia argitzen. Zertaz ari gara aldaketaz aritzean? Mudantzaz, trukeaz, kanbioez…? Prozesu politikoak berak ere aldatzaileak izan daitezke, edo aldakorrak. Gauza bera izan ez.
Horra portura ekarri duten ontzi irauli horrena, zama lekuz mugituta, antza. Hau kolpea! Kasu honetan benetako iraultza irauli dena zuzentzea da, irauli guztiak iraultza ez direla esate aldera.
Zama kontua da, zer zama zeinek non jarri. Irauliak aldatzaileak bitez, aldaketak iraultzaileak… eta hondartzak hondartza.

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria
En el corredor de la vergüenza
