GARA
LANTZ

Espiritu txarrak uxatu dituzte Lantzen Miel Otxin epaitu eta erreta

Inauteria ondo pasatzeko garaia bada ere, tradizioei eusteko egunak ere badira. Atzoko egunean Miel Otxin lapurra epaitu zuten Lantzen eta inauteriei agur esateko bera irudikatzen duen panpina erre zuten, espiritu txarrak uxatzeko. Bilbon sardina erretzea egin zuten.

Lantzeko inauterietan pertsonaia guztiak dira bihurriak, inauterietan bihurri ez izatea ezinezkoa delako. Baina guztietan gaiztoena Miel Otxin omen da, urtero harrapatu, epaitu eta erre egiten baitute inauteriei agur esatea tokatzen denean. Arropa koloretsu eta puntadun txanoa daraman pertsonaia hau eskualdeko lapur bat omen zen eta espiritu txarrak irudikatzen ditu. Astelehenean atzeman ostean, herriko kaleetan barna paseatzen dute eta asteartean, goizeko ibilaldi baten ondoren, panpina tiroz hil eta su ematen diote zortzikoa dantzatuz. Erretzean, pertsonaia horrek erakartzen dituen espiritu txar guztiak uxatzen dituzte.

Figura hau Lantzen sortua den arren, Nafarroako beste herri eta auzo askotan erabili izan ohi dute inauteriak ospatzeko.

Izaera bera du hainbat herritan erretzen den sardinak. Astelehenean Donostian egin zuten sardina ehorztea eta su eman aurretik beltzez jantzitako herritarrek kalejira egin zuten, negarrez. Deabruak ere ageri ziren.

Donostiako agur goiztiarrari Bilbok jarraitu zion atzo. Bertako sardinaren omenezko desfilea egin zuten Plaza Barritik hasita eta 20.00etan eman zioten sua.