Bera Beraren defentsak Aula Culturalen erasoa gelditu beharko du

DHF Emakumeen Ohorezko Mailako euskal taldeek arratsalde biribila dute gaur. Aiala Zarautzek Elche Mustang hartuko du Aritzbatalde kiroldegian; Bera Bera eta Zuazok, aldiz, etxetik urrun jokatuko dute; donostiarrek Valladolideko Aula Cultural izango dute aurkari, eta bizkaitarrek, Mecalia Atletico Guardes galiziarra.
Bera Bera izanen da euskal taldeen artean goiztiarrena, 19.00etan jokatuko baitu. Gipuzkoarrek Ligako defentsarik onena zergatik duten erakutsi beharko dute beste behin, beren aurkariak erasorik onenaren zergatia argitu beharko duten bitartean. Gaztelako taldeak batez beste 32 gol sartzen ditu, 34 etxean jokatzen duenean. Jaso ere erruz jasotze ditu golak, 27 sartzen dizkiote-eta.
Montse Puche entrenatzaileak jokatzeko prest dituen 13 jokalariak eraman ditu Valladolid aldera; hots, Matxalen Ziarsolo eta Maialen Mugika lesionatuak eta Eider Lizarbe gaztea laga ditu Donostian.
Bera Bera Rocasa liderra harrapatzeko ahaleginetan ari delarik, ez zaio hutsik egiterik komeni, Guardes hirugarrena ere gainean baitu talde donostiarrak. Alde horretatik, Zuazok eta Bera Berak elkarri mesede egin diezaiokete. Ez da erraza izango Barakaldoko taldeak A Sangriña pabiloian Atletico Guardes arriskutsua gainditzea, baina galiziarrek talentua adina irregulartasun dutela erakutsi berri dute. Hala, bizkaitarrek eta gipuzkoarrek beren partidak irabaziko balituzte, Zuazo laugarren jarriko litzateke, hirugarren postutik puntu bakarrera jarri ere. A Sangriñako partida 20.00etan hasiko da.
Aiala Zarautzek ezin du, bada, huts gehiago egin. Elx, hamabigarren sailkatua, jasoko du Aritzbatalden 19.30ean, eta maila mantentzeko behar dituen puntu horiek pilatzen hasteko ordua du. Elxek 8 puntu ditu, Aiala Zarautzek baino 6 gehiago. Aurkari zuzena aztoratuko lukete gipuzkoarrek irabaziz gero.
Gipuzkoarren hitzarmena
Bestetik, astelehenean, goizeko 11.00etan, Bera Bera eta Bidasoa kluben arteko ituna aurkeztuko da, Gipuzkoako Aldundiaren egoitzan. Klub bietako arduradun nagusiek aurkeztuko dute aipatu hitzarmena.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
