Ikasgelaz aldatuta, «El florido pensil, neskak» dakar Tanttakak
Badira hogei urte Tanttakak Francoren garaiko hezkuntza sistemari kritika egiten zion «El florido pensil» estreinatu zuela. Hogeigarren urteurrenaren karietara, ikasgelaz aldatu eta «ama eta emazte zintzo» izateko hezten zituzten emakumeak hartu ditu hizpide.

Orain hogei urte, euskaraz eta gaztelaniaz ez ezik, katalanez eta galegoz ere eskaini zuen Tanttakak “El florido pensil”, Francoren garaiko ikasgeletara sartu eta orduko hezkuntza sistemari kritika egiten zion antzezlan arrakastatsua. «Orain hamar urte beste buelta bat eman genion obrari eta, hogeigarren urteurrenarekin, nesken bertsioa egiteko unea iritsi zela erabaki genuen; beti esan izan dugu nesken alderditik ere landu behar genuela antzezlana eta, azkenean, iritsi da ordua», azaldu du Mireia Gabilondok. Berak eta Fernando Bernuesek gidatuko dituzte oholtzan jardungo diren bost antzezleak eta, guztien artean, Francoren garaiko hezkuntza sistemak etorkizuneko emakumeen bizitzak baldintzatzeko egiten zuen ahalegina oholtzaratuko dute.
«Eskola errepresibo hura txarra zen denentzat, baina nesken kasuan indar guztia jartzen zuten garrantzizko ezer egiteko gauza ez zirela transmititzeko. ‘Etxeko erreginak’ ziren, seme-alabak edukitzeko, etxeko lanak egiteko eta senarrari lana errazteko heziak», ziurtatu du Gabilondok. Obra 1957. urtean dago girotua eta berak pertsonalki garai hartako eskola ezagutu ez zuela onartuta, “Etxeko lanak” izeneko ikasgaiak barnerarazten zituen hamaika arauak nabarmendu ditu: «Emakumeak egin beharrekoa zehazten zuten arau haiek. Haurrak, garbitasuna, zaintza... Gizona iristerako etxeak lasai eta isilik behar zuen, gizonaren behar eta kezkak askoz garrantzitsuagoak zirelako emakumeenak baino. Emakume bezala, dena zen negazioa... eta uste dut horretatik asko eta asko, gure gizarte honetan oraindik ere mantentzen dela, eredu patriarkal hori hemen dabil bueltaka oraindik ere eta bide luzea dugu parekidetasun batera iristeko».
Emakumeari ematen zitzaion hezkuntza zapaltzailearen berri emateko, Euskal Herriko zehaztu gabeko «herri txiki bateko» ikasgela batera eramango gaitu Tanttakak. Eta, ikasgelan –gizonezkoen obrarako erabilitako eszenografia berbera ikusiko da bertsio berri honetan ere– kolore ezberdineko bost neskatila batuko dira. Baserri giroan sortua, gaztelaniaz mintzatzeko zailtasunak ditu Artolak (Loli Astoreka); dendarien alaba bizia da Agirre (Elena Irureta); Jauregi (Itziar Lazkano) ideologia zein ekonomia aldetik familia «erosoago» batean jaioa da; familia andaluziar baten ondorengoa da Briones (Gurutze Beitia); eta Alberdi (Teresa Calo) familia ideologikoki «gorri» bateko alaba da. «Aita falta du, antzezlanean esaten da etxetik joan beharra izan zuela politikaren eraginez, eta eskola hori bizi beharko du; inspektorea datorrenean ‘¿qué es España?’ galdera horrekin eta abar», azaldu du Gabilondok.
«Emanaldiaren amaieran, Franco hil zenetik berrogei urte bete direla esaten dugu. ‘Beste garai batzuk ziren’, aipatzen dugu, ‘edo agian ez?’. Ordutik gaur egun zer mantentzen den hausnartu nahi dugu, galdera hori irekia utzi», amaitu du.
Estreinaldia gaur, Bilboko Arriagan
Gaur estreinatuko du Tanttakak “El florido pensil, neskak” obra, Bilboko Arriaga antzokian. Antzezlanaren euskarazko –irakasle, inspektore, apaiz eta abarrek gaztelaniaz antzeztuko dute– zein gaztelaniazko emanaldiak eskainiko dituzte lau egunetan eta, igandetik aurrera, ibilbide luzea izango du obrak. Antzezlanaren zuzendari Mireia Gabilondok ziurtatu duenez, dagoeneko 51 emanaldi dituzte hitzartuta: «Ematen du jendeak baduela ikusteko gogoa eta pozik gaude, baina erraiak estutu ere egiten zaizkigu batzuetan. Uste dut ‘El florido pensil’-ekin soziologikoki zerbait gertatu zela, antzerkira hurbiltzen ez den jendea ere joan zelako hura ikustera. Garai hura bizi izan zutenek badute hartaz hitz egiteko eta batez ere barre egiteko beharra. Eta orain, entseguetan, gazte jendea ere gerturatzen zaigu, harriduraz... diktadura bat egon zela eta abar badakite, baina uste dut ez diegula ondo erakutsi eskoletan ze saltsa zeuden».A.A.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
