Jon LEUNDA
PILOTA

Gazteek hartuko dute protagonismoa Binakakoan

Maila nagusian arituko diren hamar pilotarietatik bost 24 urtetik beherakoakdira. Gaur egun eurek dute berezkoen aginte makila.

Binakako Berezkoen Txapelketa bihar abiatuko da Armendaritzen. Ohi bezala, bi mailatan banatu dituzte, eta ondorioz Lehen eta Bigarren Mailako txapelketak batera jokatuko dira. Aurtengoak, ordea, berrikuntza bat izango du; izan ere, ligaxkan Bigarren Mailan aurrena geratzen denak Lehen Mailan laugarren geratzen denarekin kanporaketa aurrekoa jokatuko du. Hori irabazten badu, maila nagusiko finalerdia jokatuko luke, eta galduko balu, Bigarren Mailan jarraituko luke.

Maila bakoitzean bosna bikote sartu dituzte, guztira hogei pilotari; gaur egun jokatzeko moduan dauden guztiak arituko dira. Palomes, Lemuno eta Harizmendi geratuko dira aurtengoa jokatu gabe. Maila nagusian, Larralde eta Gixandut, Waltari eta Bilbao, Bielle eta Ducassou, Laurent Lanbert eta Ezkurra eta Ospital eta Ximun Lanbert bikoteak lehiatuko dira. Hamar pilotari horietatik bostek 24 urte baino gutxiago dituzte, eta horietako bikote gazte bat, 22 urteko Larraldek eta Gixandutek osatzen dutena, dago faboritoen artean.

Ligaxka jokatuko dute denek denen aurka, eta aurreneko hirurek lortuko dute finalerdietako txartela, eta laugarrenak Bigarren Mailako aurrenekoaren aurka jokatuko du kanporaketa aurrekoa. Irabazten duena sailkatuko da finalerdietara. Lehen partida bihar, 17.00etan, Armendaritzen jokatuko dute Larraldek eta Gixanduk Lanberten eta Ezkurraren aurka, eta finala apirilaren 24an jokatuko dute Baionan.

Bigarren Mailan, berriz, Intxauspe eta Amulet, Monze eta Bonebeltxe, Etxegarai eta Lazkano, Elgart eta Benesse eta Goikoetxea eta Lamure lehiatuko dira. Lehen partida bihar Armendaritzen jokatuko dute Intxauspe eta Amuletek Elgarten eta Benessen aurka. Finala, Azkainen jokatuko da apirilaren 17an. Hor ere denek denen aurka jokatuko dute, eta gero lehen lau sailkatuek jokatuko dute finalerdia. Aurrenekoek onenekin jokatzeko aukera ere izan dezakete.