GARA
KAMPALA

Hiru aldiz atxilotu dute Ugandako oposizioburua azken egunotan

Yoweri Museveni Ugandako presidenteak botoen %62 lortu zituen osteguneko hauteskundeetan, lehen datu ofizialen arabera, baina herrialdean giroa oso nahasia da, atzo hirugarren aldiz atxilotu baitzuten Kizza Besigye oposizioko hautagaia, iruzurra salatzera zihoanean.

Botoen %37 zenbatuta, Museveni presidenteak horien %62 bildu ditu, datu ofizialen arabera, eta agintaria hauteskundeen bitartez kargutik bidaltzeko aukerak zapuztuta geratu dira beste behin. Kizza Besigye aurkariak, berriz, botoen %33,5 baino ez zituen lortu, bertsio horren arabera.

Bestelako bertsioa eskaintzeko prentsaurrekoa deitu zuen atzo FDC Aldaketa Demokratikorako Foroak, hiriburuko Najjanankumbi auzoan duen egoitzan. Red Pepper atariak eskainitako informazioaren arabera, Besigyerekin batera alderdiko zuzendaritzako zenbait kide eraman zituzten Musevenik bidalitako segurtasun indarrek. Osteguneko hauteskundeen inguruko bilera prestatzen ari ziren, atxilotu zituztenean.

Oposiziokoen zenbaketa

Aipatu atariak azaldutako hipotesi baten arabera, FDCko kideek beraiek egindako botoen zenbaketaren berri emateko asmoa zuten, atxiloketak iritsi zirenean. Gainera, Poliziak eraso egin zien egoitzaren inguruan zeuden oposizioko kideei.

Felix Kaweesi Ugandako Poliziako inspektoreordeak zuzendu zuen operazioa. Kazetariei esan zien segurtasun indarrek ezin dutela onartu inolako arriskurik Aldaketa Demokratikorako Foroari dagokionez. «Ez dugu saihestuko FDCkoek beren zenbaketa egin dezaten, baina ez lukete ezer iragarri behar. Hori Hauteskunde Batzordeak egin beharrekoa da», erantsi zuen Felix Kaweesik.

“Daily Monitor” Ugandako egunkariak adierazi du Polizia bertaratu zela oposiziokoen prentsaurrekoa saihesteko. Berehala hasi ziren istiluak.

FDCkoek ez zuten onartu polizien jarrera eta aurre egin zieten. Orduan hasi omen ziren agenteak egoitzako ateak txikitzen eta bertan zirenei gas negar-eragilea jaurtitzen. «Nazioarteko komunitatearen laguntza behar dugu. Gure egoitzako egoera erabat gaiztotu da», idatzi zuten erasoa jasan zutenek alderdiak Twitterren duen kontuan.

Kizza Besigye oposizioburua joan den astelehenean atxilotu zuten lehen aldiz, aste honi dagokionez. Orduan hauteskunde kanpainarekin lotutako ekitaldi batean esku hartzen ari zen hautagaia. Bozketa egunean ere eraman egin zuten segurtasun indarrek. Eta atzo, hirugarrenez. Berarekin batera Mugisha Muntu jenerala (FDCko presidentea) eta Wasswa Biriggwa zuzendaritzako kidea eraman zituzten.

John Kerry AEBetako Estatu idazkariak Ugandako oposizioak jasan duen «jazarpena» salatu zuen agiri baten bitartez.

Kerryk, oposizioburuaren azken atxiloketak salatu ondoren, «Polizia eta segurtasun indarrak zaintzera» deitu zuen Museveni, eta sare sozialek jasaten duten blokeoari amaiera ematera.