Errauste plantaren aurkako martxak babes ugari jaso du
Mota guztietako berrogeita hamar talde baino gehiagok igandean Zubietara joateko deia luzatu dute. Gipuzkoako puntu desberdinetatik aterako dira zutabe desberdinak, eta ordu berean iritsiko dira Zubietako errauste planta eraiki nahi den lekura.

Errausketaren Kontrako Mugimenduak igandean Zubietara antolatu duen martxak atxikimendu zabala lortu duela ezagutzera eman zuten atzo. Berrogeita hamar erakundek baino gehiagok ekimenarekin bat egin dute eta jendea animatzen ari dira parte hartzera.
«Igandeko martxak lortu duen atxikimendu ugari eta zabala erraustegi proiektuaren kontrako oposizioa bizi-bizi dabilen sintoma berri bat baino ez da. Aldundiak mehatxua berpiztu du eta, ondorioz, azken urteotan lozorroan egon den oposizioa ere aktibatu egin da», adierazi zuten.
Pasa den astean Villabonako, Zizurkilgo, Adunako, Alkizako, Asteasuko eta Larraulgo bizilagunek aurkeztu zuten Aiztondo plataforma da horren adibide. Era berean, larunbatean Andoainen giza kate bat egin zuten protesta moduan. EAJren eta PSEren egoitzak elkartu zituen kateak eta eskuz esku bi alderdiei zuzendutako gutunak pasatu zituzten. Gutun horiek Goiko plazan irakurri zituzten amaieran.
Atzo, Hernanin, Zero Zabor taldearen ekimenez proposatutako “Erraustegirik ez, ez Zubietan eta ez beste inon” mozioa eztabaidatu zuten. Gaur, ordea, Lasarte-Orian izango dute gaia esku artean, arratsaldean kultur etxean egingo duten hitzaldi bati esker. Osasunean eragin ditzakeen kalteak aztertuko dituzte.
«Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi», hori da igandeko martxen oinarrian dagoen ideia nagusia. «Aldundiak sinetsarazi nahi digu alferrik ari garela, erraustegia nahitaezkoa eta atzeraezina dela. Mezu honek amore eman dezagula du helburu. Oso zaila dute, ordea, guk ederki asko baitakigu partida ez dela inola ere erabaki, eta partida elkarrekin jokatzea erabaki dugu», adierazi zuten herritarrei igandean kalera irteteko deia luzatuz.
Iganderako gida
Iganderako prestatu duten egitaraua tokian tokiko ekimen guztiak bat datozela adierazteko modu bat da. Izan ere, martxa hainbat herritatik abiatuko da eta parte-hartzaileek bidean egingo dute topo. Azkenean denak elkartuko dira 12.00 aldera Letabiden, erraustegia eraiki nahi duten parajean.
Ondoren denak elkarrekin Zubietara joango dira eta bertako frontoian ekitaldia egingo dute 13.00 aldera.
Momentuz konfirmatuta dauden irteera hitzorduak honakoak dira: Andoaingo merkatutik 08.00etan abiatuko dira; Zizurkilgo plazatik 08.00etan; Hernaniko Gudarien plazatik 08.30ean; Añorga Txikitik 09.30ean; Lasarte-Oriako Okendo plazatik 10.30ean; Zubietako plazatik 11.00etan; eta Usurbilgo frontoitik 11.00etan.
Hitzordu nagusiak Lasarte-Oriakoa eta Zubietakoa izango dira, beraz, martxan parte hartzera animatzen den jendea bertara joan daiteke.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
