GARA
LAUDIO

Europa osoko ikasleak hartu ditu Laudiok, «Forum to fight» topaketetan

Hezkuntza kapitalistaren aurka eta nahi duten ereduaren alde elkar hartuta borroka egiteko Europako ikasleen topaketa da “Forum to fight”. Atzo hasi zen Laudion. Antolatzaileek GARAri jakinarazi diotenez, partaiderik gehienak iritsi ziren arratsalderako eta ekitaldia egin zuten hiru eguneko foro honetan zer egingo duten azaltzeko, baita talde bakoitzak bere burua aurkeztu eta labur-labur momentuko borroken berri emateko ere.

Elkar ezagutzeko jolasak ere izan zituzten, eztabaidetarako berotzen joateko. Estatu espainoleko herrietako ikasle antolakundeak, tartean Ikasle Abertzaleak, biltzen dituen plataformako kideez gain, Europako hainbat herrialdetakoak bertaratu dira: Italia, Estatu frantsesa, Ingalaterra, Suitza...

Hiru oinarritan egiten dute bat guztiek: erabakitze eskubidea eta autodeterminazioa defendatzen dituzte; «patriarkatuaren aurka» daude eta antikapitalistak dira.

Gaur, kurduak

Gaur eztabaidetan sakonduko dute eta, besteak beste, kurduek emango dute hitzaldia, Konfederalismo Demokratikoko ikasle borroka azalduz.

Gauean jaialdia izango dute gaztetxean. Kiroldegia dute lotarako lekua, baita gosaltzeko ere. Eztabaidak ikastolan egiten ari dira, hitzaldiak kultur etxean eta bazkari-afariak karpan.

Igandean, azken egunean, ondorioak eta adostutako pausoak plazaratuko dituzte.