Martxoaren 3ko gertakizunen oroimen artistiko eta soziala
Artium museoak 1976ko martxoaren 3ko gertakariak gogora ekartzeko ekimenekin bat egin eta diktaduraren osteko lehen urteetan egindako zenbait obra jarri ditu ikusgai, guztiak ere kutsu politiko eta salatzailea dutenak. Erakusketa martxoaren 3ra arte ikus daiteke.

Artiumek Martxoaren 3ko ekimenekin bat egin eta garaiko oroimen artistiko eta soziala berreskuratzeko erakusketa antolatu du. Erakusketa “Martxoaren 3a gogoan” programaren parte da eta museoak Francoren diktaduraren ostean egindako zenbait artistaren lanek osatzen dute, guztiak ere kutsu politiko nabarmenekoak. Museoko ordezkariek gogora ekarri dute egun hartan jazotako sei langileen erailketa «aldi hartako gertakizun beltzenetako bat» izan zela, «oraindik ere erabat argitu gabe dagoena, gainera». Erakusketaren bidez bidegabekeria hura gogora ekarri nahi dute eta, artelanekin batera, garai hartako testuingurua osatzen lagunduko duten zenbait ikus-entzunezko ere jarri dituzte.
Erakusketa Juan Genoves valentziarraren “El grito” (1977) lanak zabaltzen du; margolan horretan lau aldiz errepikatzen da gizon baten irudia, aurpegian beste hainbeste beldurrezko edo oinazezko adierazpen agertzen dituela. Rafael Canogar-en bi lan datoz ondoren: “La mordaza” (1974) eta “P-38-76” (1976). Lehenean, garrasi itoa irudikatzen du, eta bigarrena Franco hil ondoren Canogar-ek abstrakziora jota osatu zituen konposizio geometrikoetariko bat da.
Agustin Ibarrolaren “Unión” (1973-1975) aurkituko dugu hurrena, figurazioa eta abstrakzioa elkartzen dituen margolan erraldoi bat, «jende talde trinko eta gudulari bat eratzen duen gorputz-amalgama batek osatua; amalgama horretan, giza-soslaiak irudi solidario bakar batean elkartzen dira», azaldu dute Artiumekoek. Dario Villalbaren pieza ezagunenetako bat ere, “Faz” (1978), ikus daiteke.
Erakusketa osatzen duten beste bi artelan Dionisio Blancok eta Juan Suarezek eginak dira. Lehenak errepresio eszenak irudikatu zituen “El proceso de Burgos” (1970-1971) lanean, eta bigarrenak zuzenean irudikatzen ditu Matxoaren 3ko gertakariak “Campanadas da mort” (1977) obran. Aipatuez gainera, erakusketan Carmelo Ortiz de Elgea, Santos Iñurrieta eta Jose Luis Zumeta artisten lanak ere badaude eta, erakusketa osatzeko, Martxoaren 3ko dokumentuak, disko-azalak eta liburuak ere jarri dituzte ikusgai.
Bestalde, erakusketa honen baitan aurkeztuko dute Inside Out proiektua: gizatasunaren alderdi ezberdinak nabarmentzeko xedea duten argazki erraldoiak ezarriko dira zenbait fatxadatan.

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
